08:53

Mundua

VENEZUELA

Estatu kolpe saiakerak porrot egin duela esan du Madurok

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Venezuelako presidenteak ukatu egin du herrialdea utzi eta Kuban babesa hartzeko asmoa zuela, Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariak esandakoaren kontra.

0:53
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Venezuelan, estatu kolpe saiakerak porrot egin duela esan du Nicolas Maduro presidenteak eta bertan nahastuta daudenen kontrako auzibidea ireki lezakeela ohartarazi du. Juan Guaido bere burua Venezuelako presidente izendatutakoak Gobernu chavista botatzeko asmoz "Askatasuna Operazioa" abiatu eta ordu batzuetara agerraldia egin du Nicolas Maduro presidenteak.

Miraflores Jauregitik telebistan eta irratian zuzenean eskainitako agerraldian, hainbat militar alboan zituela agertu da Nicolas Maduro. "Hitz adeitsu batzuk egiteko aholkatu didate eta, hori dela eta, garrantzitsua iruditu zait zuei egia esatea", azaldu du.

Buruzagiak gertaturikoaren bere bertsioa eman du, berak esandakoa babesten duten bideoak erakutsiz. Maduroren hitzetan, estatu kolpe saiakerak "porrot" egin du.

Haren kontakizunaren arabera, Juan Guaidok eta Leopoldo Lopez oposizioko kideak eta militar "traidore taldetxo" batek La Carlota kuarteleko uniformedunak engainatu dituzte. Hain zuzen ere, La Carlota kuartelean abiatu da "Askatasuna Operazioa" deiturikoa.

"Guk negarra eragiteko bonbak bota ditugu (...) eta haiek suarekin erantzun dute La Carlotako base militarrean beren lana egiten ari ziren militarren kontra eginez", nabarmendu du. Bestalde, eskerrak eman dizkie Venezuelako Armada Nazional Bolivartarreko kideei kolpe militar saiakeraren porrota eragiteagatik, eta "begiak irekitzeko" eta "alerta egoeran" egoteko eskatu die.

Madurok garrantzia kendu dio Guaidorekin eta Lopezekin batera kalera atera diren venezuelarren kopuruari. Milaka lagun alboan zituztela, La Carlotako kuarteletik Miraflores Jauregira abiatu dira.

Aitzitik, eskerrak eman dizkie goizean goizetik Miraflores Jauregiaren ingurura gerturatu diren venezuelarrei, 40.000-50.000 inguru Maduroren esanetan. "Egun gogorra" izan dela onartu arren, Venezuelako herriak beste behin "posible dela" erakutsi duela azpimarratu du.

Hala ere, "erresistentzia aktiboarekin" jarraitzeko eta Langilearen Egunaren baitan ere kalera ateratzeko deia egin die Madurok venezuelarrei.

Bestalde, apirilaren 30ean gertaturikoa argitzeko hiru fiskal berezi izendatu ditu Ministerio Publikoak, estatu kolpe saiakeran nahastutakoen kontrako auzibidearekin mehatxu eginez. "Bakea izateko justizia egon behar da", adierazi du.

Azkenik, Donald Trump AEBko presidenteari zuzendu zaio. Venezuelako presidenteak ukatu egin du herrialdea utzi eta Kuban babesa hartzeko asmoa zuela, Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariak esandakoaren kontra. Pompeoren hitzetan, hegazkin bat zain zuen Madurok Kubara joateko, baina errusiarrek debekatu egin diote. "Mesedez Pompeo jauna, seriotasun pixka bat", erantzun dio Madurok.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena