15:53

Mundua

Eskozia

Eskoziak 2021a baino lehen deitu nahi du independentziarako bigarren erreferenduma

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eskoziarren interesak 'brexit'aren aurrean babesteko modu bakarra independentzia lortzea dela azpimarratu du Nicola Sturgeon ministro printzipalak.

  • Nicola Sturgeon Eskoziako ministro printzipala.

    Nicola Sturgeon Eskoziako ministro printzipala. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eskoziako Gobernuak legealdi honetan antolatu nahi du independentziarako bigarren erreferenduma. Hala iragarri du Nicola Sturgeon ministro printzipalak Eskoziako Parlamentuan.

"Independentzia lortzeko aukera eskaini nahi diegu herritarrei eta legealdi honetan izatea nahi dugu", adierazi du.

Halaber, 'brexit'aren aurrean "eskoziarren interesak babesteko modu bakarra" independentzia lortzea eta Eskoziak "Europar Batasunean jarraitzea" dela azpimarratu du.

Legealdia 2021ean amaituko da. Ordurako bigarren erreferenduma antolatzea izango du helburu Eskoziako Gobernuak, baina horretarako Erresuma Batuko Exekutiboaren oniritzia beharko du, eta agintari britainiarrek dagoeneko aurreratu dute ez dutela erreferenduma baimenduko.

Lehendabiziko erreferendum adostua 2014an burutu zuten Eskozian. Herritarren % 55 independentziaren aurka agertu ziren orduan.

Nolanahi ere, Sturgeonek gogoratu du 2017ko hauteskundeak independentzia lortzeko mandatuarekin irabazi zituztela eta Eskoziako Parlamentuaren gehiengoa erreferendumaren aldekoa dela.

SNP alderdi independentistak gutxiengoan gobernatzen du, baina Berdeen babesa dauka gehiengo kualifikatua eskatzen duten gaietan, hala nola erreferendumak antolatzeko edo aurrekontu orokorrak onartzeko.

Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko prozesuak piztutako krisi politikoaren ondorioz, Gobernu britainiarrak Eskoziaren proposamenak entzuteari uko egiten ari zaiola kritikatu du.

"Gure esku dagoen guztia egin dugu 'brexit'aren krisia Erresuma Batuan saihesteko, eta hala egiten jarraituko dugu, baina Westmisterreko gobernu-sistemak ez ditu eskoziarren interesak bermatzen", ohartarazi du Sturgeonek.

Eskoziako herritarren % 62k Europar Batasunean jarraitzearen alde egin zutela gogoratu du eta 'brexit'ak eragin duen krisi politikoak independentziaren aldeko apustua indartu duela iritzi dio.

"Independentziaren alde egiteko arrazoiak inoiz baino indartsuagoak direla uste dut", azpimarratu du.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena