Mundua
ERRESUMA BATUA
AGENTZIAK
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak atzerapen luzeago bat proposatuko du. 'Brexit'erako ministroak, baina, ez du atzerapen luzerik nahi.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE
Azken orduko sorpresarik ezean, Europar Batasuneko 27 agintariek baiezkoa emango diote brexit gogorra eragotzi eta Erresuma Batuaren irteera atzeratzeko Theresa May lehen ministroak egindako eskaerari. Hala ere, trukean baldintzak ezarriko dizkio Europar Batasunak Erresuma Batuari, besteak beste, estatu kide izaten jarraitzen duen bitartean Batasunaren funtzionamendua ez blokeatzea.
Gaurko goi-bileran, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak atzerapen luzeago bat, gehienez ere urtebetekoa, jarriko die mahai gainean EBko 27 buruzagiei. Tarte horretan Erresuma Batuak "lankidetza zintzoa" izan beharko luke "irtetera doan estatu kide bezala".
Dena den, Batasuneko 27 buruzagiena izango da atzerapenari buruzko azken erabakia, eta, ustekaberik ez bada, Theresa Mayren luzapen eskaera onartuko dute.
"Batzuetan beharrezkoa da denborari denbora ematea", adierazi die Donald Tuskek Batasuneko 27 buruzagiei, gaurko goi-bilerara gonbidatuz bidali dien gutunean. Haren esanetan, ez dago "irtenbide errazik", eta hausnarketa "ireki, sortzaile eta eraikitzailea" egitea eskatu die.
Halaber, Tuskek baztertu egiten du irteera ekainaren 30era arte atzeratzea, Theresa Mayk eskatu bezala. Tusken hitzetan, Erresuma Batuko Komunen Ganberan dagoen zatiketa ikusita ez dirudi ordurako Europar Batasunetik irteteko akordioa onartuko dutenik. Martxoko goi-bileran, aukera hori atzera bota zuten 27 herrialdeek.
Hori dela eta, urtebete inguruko luzapena proposatuko du Donald Tuskek. Ikusteko dago Europako agintariek zer erabakitzen duten eta zein baldintza jartzen dituzten. Erabakitzen dena erabakitzen dela, ordea, Erresuma Batuak lehenago irteteko aukera izango luke Parlamentuak irteera akordioa onartuko balu.
'Brexit'erako ministroak atzerapen luze bat errefusatu du
Stephen Barclay brexiterako ministro britainiarrak argi utzi du ez duela nahi Erresuma Batuak EBtik ateratzeko prozesua urtebetez luzatzea.
"Ez dut urtebeteko atzerapena ikusi nahi", baieztatu du BBC irrati kateari egindako adierazpenetan. "Ez dut atzerapen luzerik nahi", esan du Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteko "epeaz" mintzatuta.
Barclayren ustez, garrantzitsuena da Parlamentuan akordioa onartzen den unean bertan Erresuma Batuak Europar Batasunetik irteteko aukera izatea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa