Mundua
Ekialde Erdikoa
Agentziak | Erredakzioa
Iranek berehala erantzun dio Trumpi, eta Washingtonek Ekialde Erdikoan eta Asiako mendebaldean dituen tropak talde terrorista izendatu ditu Teheranek.
Irango Guardia Iraultzailea Azadi plazan, Teheranen. Argazkia: EFE/ Abedin Taherkenareh
Irango Guardia Iraultzailea talde terrorista izendatzeko erabakia hartu du gaur Donald Trump AEBko presidenteak. Washingtonek beste herrialde bateko soldaduen aurka neurri zorrotz hau hartzen duen lehen aldia da.
“Aurrekaririk gabeko pausoa da (…) Iran ez da bakarrik terrorismoaren babeslea, Guardia Iraultzaileak terrorismoa tresna gisa finantzatzen eta bultzatzen du”, adierazi du Trumpek agiri batean.
1979an Iraultza Islamikoak garaipena erdietsi ondoren, Guardia Iraultzailea sistema teokratikoa babesteko sortu zuten. Irango erakunde militar boteretsuena da, eta herrialdeko sektore ekonomiko zabalak kontrolatzen ditu.
Azken urteetan, Guardia Iraultzailearekin zerikusia duten dozenaka entitate eta afiliatuei zigorrak ezarri dizkiete Ameriketako Estatu Batuek, baina sekula ez dute erakunde militarra zuzenean zigortu. Bidaietan murrizketak eta erakundeari laguntzen diotenen kontrako kargu kriminalak izango ditu ondorio.
Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Gorenak berehala erantzun du. Washingtonek Ekialde Erdikoan eta Asiako mendebaldean dituen tropak talde terrorista izendatu ditu Teheranek.
Mohamad Yavad Zarif Irango Atzerri ministroak proposatuta hartu du erabakia Kontseilu Gorenak.
Bestalde, Trumpek erabakia berak eskatu ondoren hartu duela ziurtatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Horregatik, eskerrak eman dizkio AEBko presidenteari.
“Gure herrialdeen eta eskualdearen intereserako da”, argudiatu du Israelgo buruzagiak. “Irango erregimenaren aurkako neurriak hartzen jarraituko dugu, Israel, AEB eta munduko bakea mehatxatzen ari delako”, azpimarratu du Netanyahuk.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa