Mundua
Venezuela
Agentziak | Erredakzioa
Guaidok ondare aitorpenean datuak “ezkutatu edo faltsutu” dituela uste du Venezuelako Kontu Auzitegiak. Inhabilitazioa “iruzur” bat dela salatu du Guaidok.
Juan Guaido Venezuelako Parlamentuaren buruzagia Caracasen. Argazkia: EFE/MIGUEL GUTIERREZ
Elvis Amoroso Venezuelako Kontu Auzitegiko arduradunak Juan Guaido Parlamentuko buruzagiaren inhabilitazioa iragarri du ostegun honetan. Kargu publikoan aritzeko 15 urteko debekua ezarri diote.
VTV telebistan zabaldutako agerraldia egin du Amorosok. Guaidok bere ondare aitorpenean datuak “ezkutatu edo faltsutu” zituela uste dute, baita nazioarteko zein Venezuelako instantzien dirua justifikaziorik gabe jaso zuela ere.
Amorosoren ahotan, Guaidok 90 bidaia baino gehiago egin ditu atzerrira 2015az geroztik. Bidaiek 94.096,79 dolarreko kostua izan dute, baina Parlamentuko buruzagiak ez du haien finantziazioa argitu.
Bidaia horietako asko “hegazkin pribatuak” erabiliz egin zituela zehaztu du Amorosok. Diputatu eserlekua bereganatu zuenetik, Guaidok 248 egun eman ditu Venezuelatik kanpo, Amorosoren arabera.
Inhabilitazioa noiz hasiko den ez du zehaztu Kontu Auzitegiko arduradunak. Gainera, Guaidori isuna jarriko diotela iragarri du, baina ez zenbatekoa zehaztu.
Guaidok “luxuzko hoteletan” 60.707,60 dolar gastatu ditu Venezuelatik kanpo, erantsi duenez.
Venezuelako diputatu batek egin ditzakeen gastuekin “zerikusirik ez” dutela azaldu du funtzionarioak. Oposizioko buruzagiak nola ordaindu zuen argitzeko eskatuko diete Guaidok erabili zituen hotelei.
Bestalde, inhabilitazioa “iruzur” bat dela salatu du Guaidok. Kontu Auzitegirik ez dagoela gaineratu du. “Ez dago Kontu Auzitegirik, ez dago inhabilitaziorik, Kontu Auzitegia izendatu dezakeen bakarra Venezuelako Parlamentua da”, adierazi du. Amoroso Batzar Nazional Konstituziogileak izendatu zuela gogorarazi du Guaidok, eta ez Batzar Nazionalak.
Guaidoren hitzetan, “honetan arriskutsua ez da inhabilitazioa, behin-behineko Presidentetzaren aurkako erasoak jarraitzen duela baizik”.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa