11:15

Mundua

Erresuma Batua

Mayk ez du ziurtatzen 'brexit'ari buruzko hirugarren bozketa egingo denik

Agentziak | Erredakzioa

Astelehenean 'brexit'ari buruzko eztabaida egingo du Parlamentuak, baina ez dago programatuta Londres eta Bruselaren artean hitzartutako dokumentuari buruzko bozketarik.

  • Theresa May.

    Theresa May / Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Komunen Ganberako diputatuei ohartarazi die 'brexit'ari buruzko akordioaren gaineko hirugarren bozketa ez dela hurrengo astean egingo, "nahikoa babesa" ez baldin badu.

Parlamentariei zuzendutako gutun batean, osteguneko bileraren ostean Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) irteteko geratzen diren aukerak gogorarazi ditu lehen ministroak.

Horien artean, lehen ministroak bi aukera nabarmendu ditu: Parlamentuak akordioa hirugarrenez ez bozkatzea —bi aldiz ezetz bozkatu dute— eta, ezetza irabazten badu berriro, irteera dataren atzerapen bat eskatzea, apirilaren 12a baino lehen. Horrek Europako hauteskundeetan parte hartzea behartuko luke Erresuma Batua, maiatza bukaeran.

Beste aukera da Lisboako Hitzarmenaren 50. artikulua bertan behera uztea, baina azken horrek "traizionatuko" luke 2016ko ekainaren 23ko erreferendumaren emaitza.

Lehen ministroak esan duenez, apirilaren 12an EBrekin “indarrez” apurtzea da beste aukera, trantsizio aldi bat bermatuko duen hitzarmenik gabe. Maiatzaren 22an EBrekin modu ordenatuan apurtzeko hitzarmena onartzea da Mayk nahiago duen aukera.

Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) Mayren akordioaren kontra jarraitzen du.

Lehen ministroak Irteerarako Akordioan aldaketak egiteko "aukera bat galdu duela" esan du DUPeko bozeramaile Nigel Doddsek, Parlamentuan aldeko botoa izatea errazteko.

Astelehenean, ‘brexit’ari buruzko eztabaida egingo dute Parlamentuan, baina ez dago programatuta Londresen eta Bruselaren arteko hitzarmenari buruzko bozketarik.

Edozein kasutan, azken erabakia John Bercow Parlamentuko presidentearena izango da. Aurreko astean akordioan funtsezko aldaketarik egon ezean diputatuek ez zutela berriz bozkatuko esan zuen.

Bitartean, People's Vote plataformak manifestazioa deitu du larunbaterako Londres erdialdean, bigarren erreferendum bat eskatzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena