Mundua
Europar Batasuna
Mayk luzapen bat eskatuko dio Tuski, eta Europak plan 'zehatz' bat galdegingo dio
Agentziak | Erredakzioa
Tuski eskutitz bat bidaliko dio Mayk, Erresuma Batuaren irteera ekainaren 30era arte luzatzeko. EBko estatuek bermeak eskatuko dizkiote, ez "atzeratzeko atzeratze hutsagatik".
-
Theresa May, Jean Claude Junckerrekin / Artxiboko irudia: EFE.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak idatziz eskatuko dio luzapen bat Donald Tusk Kontseilu Europarreko presidenteari, ostegunean Bruselan EBko Estatu eta Gobernu buruzagiak bildu baino lehen.
Asteartean eskutitza bidaliko dio Mayk EBri, ekainaren 30era arteko luzapen bat eskatuz, baina Erresuma Batua EBtik irteteko data bi urtera arte luzatzea ahalbidetuko lukeen klausula batekin.
Lehen ministroak 90 minutuz egon da bilduta bere Gobernuko kideekin egoera aztertzeko. Parlamentuko presidenteak ez du onartu irteeraren gaineko akordioa hirugarrenez bozkatzea, testuan funtsezko aldaketak egon ezean.
Mayren hasierako asmoa akordioa azken momentuan onartzea zen, osteguneko Bruselako goi-bileran eraman ahal izateko.
EBk ez du luzapena onartuko duenik ziurtzat jo nahi
Europar Batasuneko herrialdeek ez dute ziurtzat jo nahi Erresuma Batua irteteko data luzatzea onartuko dutenik —martxoaren 29rako aurreikusita dago—. Gobernu britainiarri plan zehatza eskatuko diote, nola jokatuko duen jakiteko.
"Luzapen bat, zertarako? Hori da gakoa. Denbora ez da konponbidea, modu bat da, helburu bat eta estrategia bat badaude", esan du Nathalie Loiseauk, Europar Gaietarako Frantziako ministroak.
Ministroak azpimarratu duenez, helburu eta estrategia horiek "Londrestik etorri behar dira", eta EB irteteko eguna "atzeratze hutsagatik atzeratzea" baztertu du.
EBn jarraituko duten 27 herrialdeen buruzagiek aho batez onartu ala baztertu behar dute luzapena. Ostegunean Bruselan egingo duten goi-bileran aztertuko dute.
"Erresuma Batuak atzerapen bat eskatzen badigu, zergatik egiten duen azaldu behar digu, beharrezkoa da atzetik sinesgarria den iniziatiba bat egotea, eta momentuz ez dakigu zein den. Luzapen labur bat hitzarmena onartuta izan dadin, jakina, adostu egingo genuke", esan du Loiseauk.
Hitzartu gabeko irteera bat ere "gertatu daiteke", baina Frantziar estatuari ez litzaioke gustatuko.
Michel Barnier EBko negoziaketen buruak ohartarazi duenez, Erresuma Batuko Gobernuak plan "zehatz" bat aurkeztu behar du, nola jokatuko duen azaltzeko, EBko buruzagiek luzapenari buruz erabaki ahal izateko.
"Galdera gakoak hurrengoak lirateke: Atzeratze batek irteera akordioa onartzeko aukerak igotzen ditu? Erresuma Batuak luzapena eskatuko du adierazpen politikoa berriz egiteko denbora gehiago nahi duelako?", galdetu du.
Zentzu horretan, zera esan du: "Zeintzuk lirateke luzapen baten asmoa eta emaitza, eta nola bermatu dezakegu luzapen posible bat bukatuta berriz gaur egungo egoeran ez gaudela?".
Simon Coveney Irlandako Kanpo Arazoetako ministroak onartu duenez, EBko estatuen artean "kezka handia" dago "luzapen luze baten aukeraren aurrean", Europako hauteskundeetan, Batzorde berri baten eraketan eta EBk aurrean dituen erronketan izan dezaken talkagatik.
Luis Marco Aguiriano Espainiako EBrako idazkariak esan duenez, Espainiar estatuari ez zaio ardura luzapenaren "iraupena", baizik eta Londresek proposatuko dituen argumentuak eta bide-orria.