Mundua
Aldaketa klimatikoa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Youth for Climate' mugimenduak deituta, ikasleek grebara jo dute eta nazioarteko ehunka hiritan mobilizazioak egin dituzte.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Klima aldaketari aurre egiteko premiazko neurriak exijituz, ikasleak kalera atera dira mundu osoan, 'Youth for Climate' mugimenduak deituta.
'Friday for Future' goiburupean, grebara jo dute eta mobilizazioak egin dituzte ehun bat herrialdeetako hirietan.
Greta Thunberg 16 urteko ikasle suediarrak sortu zuen mugimendua 2018ko abuztuan. Hauteskundeen bezperan, herrialde horretako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin zuen aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatuz, eta denborak aurrera egin ahala, ekimen horrek indarra hartu du eta nazioartera zabaldu da.
Berez, ikasleei zuzendutako mugimendua da, baina helduek ere bertan parte hartzeko aukera dute.
Greta Thunberg gaztea Stockholmeko manifestazioan izan da gaur. "Krisi existentzial baten aurrean gaude, gizakiak inoiz izan duen arazorik larrienaren aurrean", ohartarazi du.
Krisi hau gazteek eragin ez dutela, baina, hala ere, arazo honekin bizi beharko dutela salatu du. Alabaina, "ez dugu horrelakorik onartuko; greba egin dugu etorkizuna izan nahi dugula eta borrokan jarraituko dugu", azpimarratu du.
(Adelaidan egindako manifestazioa. Argazkia: EFE)
Mobilizazioak nazioarteko ehunka hiritan egin dituzte, lelo eta goiburu ezberdinekin, baina kasu guztietan ideia nagusi bat azpimarratuz: klima-aldaketari aurre egiteko baliabideak lehenbailehen jartzea ezinbestekoa dela.
"Ez dago B planetarik", oihukatu dute Lisboan. Lausanan (Suitza), ostera, agintariei zuzendu zaizkie: "Politikari, kondenatuta zaude, gazteria kalera atera da".
Berlinen, Vienan edo Venezian ondoko mezuak entzun dira: "Aldatu politika, eta ez klima"; "Hobe gizakiak jarrera aldatzea, klima aldatzea baino"; "Oraindik garaiz gaude!".
Madrilen, Diputatuen Kongresuaren aurrean egin dute "bizitzaren aldeko" bilkura. Milaka ikasle elkartu dira.
Eslovenian, gazteek klima-aldaketari aurre egiteko neurri zehatzak biltzen dituen zerrenda bat prestatu dute eta dokumentua Gobernuari helaraz diote.
New Delhin –kutsadura mailarik altuena duen hirietako bat-, Raza izeneko gazte batek ondokoa adierazi dio EFE agentziari: "Aldaketa klimatikoaren harira kontzientziak aldatzeko gaude hemen. Jainkoak Lurrean bizitzeko aukera eman digu eta gure ardura da garbi mantentzea".
"Gaur ez gara klasera joan, ikastetxeak itxaron dezakeelako, baina aldaketa klimatikoak ez", nabarmendu du Atlas Sarrafogluk. 11 urte ditu eta Istanbuleko protestaren sustatzaileetako bat da.
(Hong Kongen egindako bilkura. Argazkia: EFE)
Afrikan ez dute greba deialdirik egin, baina ehunka mobilizazio izan dira, Kenyan, Hegoafrikan, Maurizion eta Ugandan, esaterako.
Nairobin, manifestariak Karura basora joan dira. Erdigunean baso bat duen munduko hiri bakarra da. "Klima-aldaketaren eraginez gehien kaltetutako herrialdea da Kenya, baina, hala ere, konturatu gara inork ez duela ezer egiten hemen", deitoratu du Niko Berghmans 16 urteko mutilak.
Ugandan, sare sozialen bidez egin dute mobilizaziorako deia, "Garaitu plastikoari, polietilenoari eta kutsadurari" bezalako leloak zabaldu.
Hegoafrikan, manifestariek politika energetikoa berehala aldatzea exijitu dute. Munduan biztanle kopuru handiena duen 25. estatua da eta karbono-dioxido gehien isurtzen duen 14.ena.
(Lurmutur Hirian egindako manifestazioa. Argazkia: EFE)
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa