06:34

Mundua

KRISI DIPLOMATIKOA

Di Maiok 'txaleko horiei' emandako babesak sua piztu du Parisen eta Erromaren artean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Italiako Gobernuko presidenteordea 'txaleko horiekin' batzartu ostean, Italian duen enbaxadoreari deitu dio Frantziak, gertaturikoa argitzeko.

  • Luigi Di Maio eta 'txaleko horien' ordezkariak

    Luigi Di Maio eta 'txaleko horien' ordezkariak. Argazkia: @luigidimaio

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Albisteak (1)

Luigi Di Maio Italiako presidenteorde eta M5S Bost Izarren Mugimenduko buruzagia "txaleko horien" ordezkariekin elkartu izanak krisi diplomatikoa eragin du Frantziaren eta Italiaren artean. Gertaturikoa argitzeko, Italian duen enbaxadoreari deitu dio Frantziako Gobernuak.

Buruzagi italiarra asteartean bildu zen Christophe Chalençon "txaleko horien" ordezkariarekin eta Europako hauteskundeetara hautagaitza aurkeztuko duen Ingrid Levavasseurrekin.

Bileraren biharamunean, gertaturikoa "probokazioa" izan zela adierazi zuen Macronen Gobernuak; are gehiago, "bizilagunak eta Europar Batasunaren baitan bazkide diren herrialdeen artean".

Frantziako Gobernuaren iritziz, esku-hartze onartezina izan da, eta demokratikoki hautatutako Gobernuek elkarri zor dioten errespetua urratu dela uste du.

Atzo, pauso bat aurrera eman, eta Christian Masset Frantziak Italian duen enbaxadoreari deitu zion.

Aurretik ere babestu ditu Di Maiok "txaleko horiak". Iragan urtarrilaren 7an, esaterako, "Europa berri bat" jaiotzen ari zela esan zuen eta amore ez emateko eskatu zien.

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ohar batean azpimarratu duenez, ez du eztabaidarik nahi. Halaber, Emmanuel Macronekin bilera bat egiteko prest agertu da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena