09:22

Mundua

Venezuela

Espainiak Guaido aitortu du Venezuelako presidente 'arduradun' gisa

Agentziak | Erredakzioa

Europako 13 herrialdek eman diote legitimotasuna Guaidori eta hauteskundeak deitzeko eskatu. Tartean daude Frantzia, Alemania, Erresuma Batua edo Holanda.

0:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak Juan Guaido Venezuelako presidente 'arduradun' gisa aitortu du gaur, Nicolas Maduro presidenteari hauteskundeak deitzeko eman zioten zortzi eguneko epea bukatuta.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak agerraldia egin du goizean Moncloako jauregian. Bertan adierazi duenez, Guaidok presidente izateko legitimotasuna duela nabarmendu du gobernuburuak, eta "hauteskunde libre, demokratiko eta gardenak" deitzeko eskatu du.



Sanchezen ustez, hauteskunde horiekin "venezuelarrek ahotsa eta botoa edukiko dute, mehatxurik gabe, bazterkeriarik gabe. Hartara, Venezuelak bere etorkizuna aukeratu ahalko du".

Guaido presidente aitortzeak "helburu argia" du, Sanchezen hitzetan: "hauteskundeak lehenbailehen deitzea".

Bestalde, Sanchezek aurreratu du Espainiako Gobernuak "Venezuelako egoera larria nolabait leuntzeko plan humanitario bat" landuko duela Nazio Batuen Erakundearekin eta Europar Batasunarekin batera. Izan ere, "Venezuelako herria da Maduroren erregimenaren eta gatazkaren ondorioak jasaten ari dena", horren aburuz.

Frantziak goizean goizetik egin du aitortza. Frantziako Gobernuak Guaido aitortu du Venezuelako presidente, eta hauteskundeak deitzeko eskaera egin dio. "Uste dugu Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidentea legitimatuta dagoela presidenterako hauteskundeak deitzeko", esan du Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak France Inter irrati katean.

"Mundu guztiarentzat, europarrentzat barne, argi dago presidente legitimo bat aukeratuta atera behar garela krisi honetatik", esan du Le Drianek. Azaldu duenez, Frantziak Europako bazkideekin hartu-emanak abiatuko ditu "trantsizio honetan laguntzeko, neutralak ez izateko". Guaido presidente aitortzea injerentzia ez ote den galdetuta, Frantziako Atzerri ministroak ezetz erantzun du, Guaidok berak laguntza eskatu duelako.

Gerora, Macronek berak Twitter bidez egin du iragarpena, frantsesez eta gaztelaniaz botatako mezu batean:



Guztira, Europako 13 herrialdek onartu dute Guaido presidentetzat. Besteak beste, honakoek: Erresuma Batuak, Alemaniak, Suediak, Lituaniak, Portugalek, Danimarkak, Herbehereek eta Austriak.

Nathalie Loiseau Europarako ministro frantziarrak esan du Madurok irabazitako "hauteskundeak iruzurra" izan zirela. "Presidenterako hauteskundeak deitzeko konpromisoa hartzen ez badu, Guaido jauna hartuko dugu Venezuelako presidente legitimotzat", gehitu du.

Madurok baztertu egin du presidenterako hauteskundeak deitzea

Nicolas Madurok baztertu egin du Europako herrialdeek emandako ultimatuma, eta oposizioa eta bere burua presidentetzat hartu duen Juan Guaido kritikatu ditu.

"Ez dugu inoren ultimatumik onartzen. Nazioarteko politika ezin da ultimatumetan oinarritu. Zergatik eman behar dizkio EBk aginduak beste herrialde bati?", esan du Madurok La Sexta telebista kateari emandako elkarrizketan.

Oposizioari dagokionez, Madurok kritikatu egin du Guaido. "Venezuelako presidente bakarra dago. Dekretu ekonomiko bat ateratzen badut, edo Armada, bete egingo da", esan du.

"Pertsona hori ez dago inolako artikuluk edo legek ahaldunduta. Tontakeria da plaza batean nork bere burua presidente izendatzea. Ez dauka oinarri konstituzionalik, legalik, formalik…", azaldu du Madurok. "Zatiketa sortzea eta Gobernu txotxongilo bat ezarriko duen interbentzioa egotea bilatzen dute. Gobernu paraleloa dagoela sinestarazi nahi dute nazioarteko hedabideetan, baina ez dago halakorik", gehitu du.

Bestalde, Madurok hauteskunde legegileak aurreratzea proposatzeko galdeketa bat iragarri du bere aldeko ekitaldi jendetsu batean. "Hauteskunde parlamentarioen bidean gaude. Botere legegilea berriz legitimatzearekin ados nago", esan du.

EBk bultzatutako harreman taldea

Europar Batasunak ez du Guaido aho batez onartuko, baina Atzerri ministroek Latinoamerikako herrialdeekin harreman talde bat sortzea hitzartu dute, 90 eguneko epean Venezuelan hauteskunde "libreak" deitzeko oinarriak jartzeko.

EBk eta estatu kide batzuek osatuko dute taldea, baita Ekuadorrek, Costa Ricak, Uruguaik, Boliviak eta hurrengo egunetan iragarriko diren beste estatu batzuek ere.

Europako Parlamentuak Guaido onartu zuen ostegunean, Ganberaren gehiengoak babestu zuen ebazpen baten bidez.

Mexiko eta Uruguairen nazioarteko konferentzia

Mexikok eta Uruguaik, bestalde, nazioarteko konferentzia bat deitu dute otsailaren 7rako, krisiari irtenbide negoziatu bat emateko helburuarekin.

Ez dute Guaido presidentetzat hartu, eta Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa politikoa eskatzen dute.

Trumpek ez du AEBren militarren esku-hartzea baztertu

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, Maduro presidenteak "orain hilabete batzuk" eskatu zion aldebiko topaketari uko egin ziola onartu du, eta esan du AEBko militarrek Venezuelan esku hartzea "aukera bat" dela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena