19:32

Mundua

Venezuela

Guaido Venezuelako presidente 'legitimo' bezala aintzatetsi du Trumpek

Agentziak | Erredakzioa

Europar Batasuna, Argentina, Costa Rica, Guatemala, Honduras, Panama, Brasil, Kolonbia, Peru, Paraguai, Txile eta Kanada dira jada Guaido babestu dutenak.

  • Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE

    Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Juan Guaido Venezuelako Batzar Nazionaleko (Parlamentua) burua Venezuelako presidente "legitimo" bezala aintzatetsi du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Horrela, Nicolas Maduroren Gobernuaren kontrako presioa areagotu du Trumpek.

Argentina, Costa Rica, Guatemala, Honduras, Panama, Brasil, Kolonbia, Peru, Paraguai, Txile eta Kanada herrialdeetako gobernuek "Venezuelako presidente" gisa aitortu dute jada Guaido.

Mexiko, aldiz, Nicolas Maduroren alde agertu da, Jesus Ramirez Cuevas Presidentetzako bozeramaileak jakinarazi duenez, baita Bolivia eta Kuba ere.

Guaidok "Maduroren usurpazioaren aurka borrokatzeko" Venezuelako Exekutiboaren eskumenak bereganatu dituela iragarri eta minutu batzuetara eman du bere erabakiaren berri Trumpek, agiri baten bidez.

"Juan Guaido Venezuelako Batzar Nazionaleko presidentearen zilegitasuna ofizialki aintzatetsi nahi dut gaur, Venezuelako presidente gisa", adierazi du Trumpek.

"Venezuelako herriak behar bezala aukeratutako Gobernu adar zilegi bakarraren paperean, Batzar Nazionalak Konstituzioaren babesa aldarrikatu zuen Nicolas Maduro ez-legitimo aitortzeko eta, ondorioz, presidentearen bulegoa jabegabe uzteko", erantsi du.

"Aukera guztiak mahai gainean daude"

"Ameriketako Estatu Batuen botere ekonomiko eta diplomatiko osoa Venezuelan demokrazia berrezartzeko" erabiltzen jarraituko duela ohartarazi du Trumpek.

"Guaido, Venezuelako Batzar Nazionaleko presidentea, Venezuelako presidente zilegi bezala aintzatesteko eskatzen diegu Amerikako beste gobernuei, eta zilegitasun konstituzionala berrezartzeko saiakeran elkarrekin egingo dugu lan", azpimarratu du AEBko agintariak.

Marco Rubio senatari errepublikanoa Trumpekin bildu zen atzo, eta Guaidoren zilegitasuna aitortzeko eskatu zion AEBko buruzagiari. Adituen arabera, neurriak ondorio legalak izan ditzake.

Gainera, Madurok Guaidori boterea ematea onartzen ez badu, "aukera guztiak" aztertuko dituztela ohartarazi du Trumpek. Etxe Zuriko ekitaldi batean, bide militarra erabiltzeko aukeraren inguruan galdetu diote kazetariek AEBko presidenteari. "Ez dugu ezer zehatzik aztertu, baina aukera guztiak mahai gainean daude", erantzun die.

"Madurok eta horren adiskideek indarkeriarekin erantzuten badute, Batzar Nazionaleko edozein kideri edo behar bezala aukeratutako beste arduradunen bati min ematen badiote, aukera guztiak ditugu mahai gainean", adierazi du AEBko Gobernuaren goi-funtzionario batek telefono dei batean.

EBk "erabateko babesa" eman dio Batzar Nazionalari, eta hauteskunde "sinesgarriak" eskatu ditu

Europar Batasunak "erabateko babesa" adierazi dio Venezuelako Batzar Nazionalari, demokratikoki aukeratutako erakundea delako, eta hauteskunde "sinesgarri" batzuk egiteko prozesua "berehala" abiatzea eskatu du.

"Demokratikoki aukeratutako erakunde gisa, Batzar Nazionala erabat babesten du EBk, bere botereak errespetatu behar direlako", azaldu du Federica Mogherini Europar Batasunaren Atzerri Politikarako goi-ordezkariak.

Bestalde, Guaidoren "mandatu demokratikoa" azpimarratu du Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak. "Madurok ez bezala, Batzar Nazionalak, Juan Guaidok barne, Venezuelako herritarren agindu demokratikoa du", adierazi du Tuskek Twitter sare sozialean.

"Europa osoa Venezuelako indar demokratikoak babesteko batzea espero dut", gaineratu du poloniar politikariak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena