12:31

Mundua

VENEZUELA

Limako Taldeak, AEBk eta EBk ez dute inor bidaliko Maduroren kargu hartzera

AGENTZIAK

Nicolas Madurok bigarren agintaldiari hasiera emango dio ostegun honetan.

  • Nicolas Maduro

    Nicolas Maduro. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nicolas Madurok bigarren agintaldiari hasiera emango dio gaur, 2018ko maiatzaren 20an herrialdean ospatutako hauteskunde presidentzialetan garaipena lortu ostean. Kargu hartze ekitaldia Auzitegi Gorenean izango da eta ez Batzar Nazionalean edo Parlamentuan (Normalean Batzar Nazionalean egiten dute, baina oposizioaren eskuetan dago orain eta uko egin dio ekitaldi hori hartzeari). Nazioarteko hainbat herrialdek (Limako Taldea, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Europar Batasuna, kasu) ez zien zilegitasunik eman maiatzeko hauteskundeei eta, beraz, ez dute ordezkaritzarik bidaliko.

Beraz, ez dira ekitaldian izango ez Europar Batasuna, ez Batasuneko 28 herrialdeak, ez Ameriketako Estatu Batuak eta ezta Limako Taldea osatzen duten 14 herrialdeetatik 13 ere (Argentina, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Guyana, Honduras, Panama, Paraguai, Peru eta Santa Luzia). Mexikok Caracaseko Enbaxadaren negozio arduraduna bidaliko du.

"Ez da Europar Batasuneko ordezkaritzarik izango Maduroren kargu hartzean", EBko iturri diplomatikoek Europa Press albiste agentziari baieztatu diotenez.

Europar Batasunak behin baino gehiagotan salatu duenez, maiatzeko hauteskundeak "ez ziren askeak eta sinesgarriak izan". Horren aurrean, "libreak eta bidezkoak izango diren hauteskundeak" aldarrikatu izan ditu.

Maiatzaren 20an egindako hauteskundeetan dago gakoa. Emaitza ofizialen arabera, Madurok bozen % 67 lortu zituen (sei milioi boto baino gehiago), PSUVeko gobernari baten daturik kaskarrena, Chavez duela bi hamarkada boterera heldu zenetik, Venezuelako hautesle-erroldaren hazkundea kontuan hartuta.

Henri Falcon (garaiaren arabera, batzuetan chavista eta beste batzuetan oposizioko kidea) eta Javier Bertucci artzain ebanjelikoa aurkari izan zituen Madurok. Bozen % 20 eta 10 erdietsi zituzten arerioek, hurrenez hurren.

Batasun Demokratikoaren Mahaiko (MUD) koalizioak ez zuen hautagairik aurkeztu, "alderdi eta buruzagi nagusiak gaitasungabetu edo espetxeratu dituztelako".

Nazioartearen zati batek (Lima Taldea, AEB eta Europar Batasuna) ez zituen hauteskundeak onartu. Venezuelako Gobernuak, ostera, krisi politikoa konpontzeko abiapuntua direla uste du.

 

 

 

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena