Mundua
HONDAMENDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bertako agintariek ohartarazi dutenez, datozen orduotan antzeko beste itsasikara bat izateko arriskua handia da. Kostatik urruntzeko deia egin diete herritarrei.
Anyer, Indonesia, gaur. Argazkia: EFE.
Tsunami gogorra izan da bart Indonesian, eta azken datuen arabera, gutxienez 222 pertsona hil dira eta 843 zauritu. Java eta Sumatra arteko Krakatoa uharteko sumendiaren erupzio bortitzak eragin du berriro astindua.
Hondamendien Kudeaketarako Indonesiako Agentzia Nazionalak jakitera eman duenez, Sonda itsasartea inguratzen duten irlak astindu ditu gogorren itsasikarak. Orain arteko datuen arabera, Pandeglang eskualdea izan da kaltetuenetakoa.
Ehunka eraikin suntsituta geratu dira eta kalte materialak oso handiak dira: 430 inguru dira txikituta geratu diren etxebizitzak. Gainera, bederatzi hotelek "kalte handiak" izan dituzte, baita ehunka ontzik ere, Sutopo Purwo Nugroho Hondamendien Kudeaketarako Agentzia Nazionaleko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Lurrikararen bat izaten denean, tsunami alerta aktibatzen dute baina oraingoan ez zen piztu eta jende ugari harrapatu zuen hondartzan. Krataoa sumendia piztu zenean ur azpiko lurra mugitu zuen eta ilargi beteak eragindako itsasgorarekin, tsunamia sortu zen 25 minutu eskasetan. Lurrikara lurzoruan izan ez zenez, sirenek ez zuten jo, eta ezustean harrapatu zuen jendea. Horregatik, biktima kopuruak gora egingo duela pentsatzen da.
Gainera, datozen orduotan antzeko beste tsunami bat izateko arriskua handia dela ohartarazi dute bertako agintariek.
Alerta
Kostaldetik gertu bizi diren herritarrei nahiz handik dabiltzan turistei hondartzetatik urruntzeko agindua eman diete agintariek, tsunami alerta oraindik ere indarrean dagoelako, eta horrek, besteak beste, olatu handiak eragin ditzakeelako. Hain zuzen ere, abenduaren 25era arte ezarri dute alerta.
"Garrantzitsua da ebakuatuak izan diren pertsonak etxera ez itzultzea", esan du Rahmat Triyono BMKG Meteorologia, Klimatologia eta Geofisika Agentziako kideak.
Bien bitartean, Joko Widodo Indonesiako presidenteak "berehalako neurriak eskatu ditu, biktimak bilatu eta zaurituak artatu ahal izateko".
Zorigaiztoko urtea izan dute Indonesian. Abuztuan, hainbat lurrikara izan ziren han, eta 500dik gora pertsona hil ziren Lombok uharte turistikoan. Urrian, berriz, beste lurrikara bat egon zen, eta tsunamia ere izan zen geroago. Guztira, 1.200 lagun hil ziren orduan Celebes uhartean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa