Mundua
Erresuma Batua
Mayren aurkako zentsu-mozioa aurkeztuko du Corbynek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Brexit'aren akordioari buruzko bozketa urtarrilaren 14ko asteaN izango dela jakinarazi du Mayk. Oposizioko buruzagiak, baina, aste honetan izatea nahi du.
-
Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE
Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak iragarri du zentsura-mozioa aurkeztuko duela Theresa May lehen ministro britainiarraren aurka, brexit-ari buruzko itunaren bozketa atzeratu duelako Parlamentuan.
Komunen Ganberan egindako agerraldian, Corbynek esan du zentsura-mozioa aurkeztea dela bide bakarra bozketa Gabonak baino lehen egiteko.
Nolanahi ere, eta mozioak aurrera egin arren, ez luke Gobernu britainiarraren kargugabetzea ekarriko, Mayren irudia kaltetzeko eta haren agintea zalantzan jartzeko mugimendu taktikoa baita.
Aurrez, Mayk jakinarazi du urtarrilaren 14ko astean egingo dutela Parlamentuan brexit-ari buruzko bozketa. Beraz, abenduaren 11n egin behar zuten, baina Mayk saioa atzeratzea erabaki zuen orduan, Europar Batasunaren berme gehiago lortzeko asmoz.
Corbynek uste du zentsura-mozioa aurkeztea dela aukera bakarra Mayk atzera egin eta bozketa aste honetan deitzeko.
Alderdi Laboristako buruzagiak Parlamentura eramango duen adierazpenak ondokoa dio: "Ganbera honek ez du lehen ministroarengan konfiantzarik, Europar Batasunetik ateratzeko eta Erresuma Batuak eta Europar Batasunak etorkizunean izango duten harremanari buruzko itunaren gaineko bozketa berehala egitea ahalbidetu ez duelako".