Mundua
'Brexit'a
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kargua utzi duten ordezkari guztiak bat datoz akordioaren gaineko desadostasunekin. 'Brexit'erako ministroa izan da dimisioa aurkeztu duen lehena.
Albisteak (3)
Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) ateratzeko oinarrizko baldintzen inguruan lortutako akordioak dimisio ugari eragin ditu Mayren gobernuan ostegun honetan. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak asteazkenenean iragarri zuen bere gobernuak babesa agertu diola brexitaren inguruko akordioari. Alabaina, dimisioa aurkeztu duen lehena Dominic Raab, brexiterako ministroa, izan da. Azken lau hilabete hauetan, Erresuma Batuaren interes orokorrak plazaratu ditu Bruselarekin izandako negoziazioetan. Ordu batzuk geroago, Esther McVey Enplegu eta Pentsio ministro britainiarrak utzi du kargua, baita Shailesh Vara Ipar Irlandarako Estatu idazkari britainiarrak ere.
Kargua utzi duten ordezkari guztiak bat datoz akordioaren gaineko desadostasunekin. Alde batetik, herrialdeak aurrerantzean hartuko dituen erabaki guztietan Europar Batasunaren menpeko izango direla salatu dute eta, bestetik, Irlandako mugan ezarri ditzaketen salbuespenek Erresuma Batuaren “osotasuna” arriskuan jarri dezaketela ziurtatu dute.
Dominic Raab brexiterako ministro britainiarra izan da dimisioa eman duen lehena, Theresa May lehen ministroak aurkeztutako aurreakordioarekin bat ez datorrelako. Izan ere, Raaben iritziz, Irlandako mugarako hitzartutako erregimenak arriskuan jartzen du Erresuma Batuaren "osotasuna".
"Ezin dut akordio hori hauteskundeetan egin genuen adierazpenarekin lotu. Konfiantza publikoa kolokan jarriko luke", idatzi du Mayri bidalitako gutunean. Twitterren duen kontu ofizialean ere zabaldu ditu adierazpen horiek.
Dimisioa aurkezteko, bi arrazoi izan ditu kontuan: batetik, ez dago ados Ipar Irlandarako proposatutako erregimenarekin, "Erresuma Batuaren osotasunarentzat mehatxua delako"; bestetik, garrantzitsua iruditzen zaio berehalako irtenbidea "mugagabea" izatea, horrela, etorkizunean, EBk behin betiko hausturarako "beto" gaitasuna izan dezakeelako.
Dominic Raab, brexiterako ministroa. Argazkia: EFE
Esther McVey Enplegu ministroak ere dimisioak aurkeztu du
Ordu batzuk geroago, Esther McVey Enplegu eta Pentsio ministro britainiarrak utzi du kargua, Theresa Mayk brexitaren inguruan lortutako aurreakordioaren zirriborroarekin dituen desadostasunak tarteko.
McVeyk gogora ekarri duenez, Mayk ez du hitzemandakoa bete, diruaren, mugen eta legeen kontrola berreskuratuko zuela eta EBtik kanpo geratuko litzatekeen politika komertziala garatuko zuela esan baitzuen.
Alabaina, "aurreakordio horrek ez ditu zehaztutako helburuak betetzen", McVeyren arabera. "EBri 39.000 milioi libera emango dizkio, trukean ezer jaso gabe. Mugen arteko lotura batean harrapatuta geratuko gara, nahiz eta Mayk hori gertatuko ez zela agindu", esan du atsekabetuta.
Esther McVey, Enplegu eta Pentsio ministro britainiarra. Argazkia: EFE
Ipar Irlandarako Estatu idazkariak dimisioa eman du
Bestalde, Shailesh Vara Ipar Irlandarako Estatu idazkari britainiarrak ere dimisioa eman du, 2016ko ekainean bozkatutakoa "erdibidean" geratzen dela eta Erresuma Batuari subiranotasuna kentzen diola iritzita.
"Pena handiz, dimisioa aurkeztu diot lehen ministrori", idatzi du Varak Twitterren. Gobernuan parte izatea "pribilegioa" izan dela gaineratu du sare sozial horren bidez.
Erabaki horren berri emateko kaleratu duen eskutitzean, aurreakordioa gaitzesteko dituen arrazoien berri ere eman du. Esan bezala, horren iritziz, ez lituzke 2016ko galdeketan planteatutako aukerak errespetatuko. "2016ko erreferendumak aukera sinplea proposatu zuen: EBn segitzea edo berori uztea", azaldu du.
Bruselarekin lortutako akordioaren alde agertu da May
Theresa Mayk, adostutako akordioa “zuzena” dela nabarmendu du ostegun arratsalde honetan, eta ez duela atzera egingo ziurtatu du: “Prozesu hau nik zuzenduko dut, dimisioa eman gabe”.
Erresuma Batuko lehen ministroak argi utzi duenez, ez ditu hauteskundeak aurreratuko eta ez du bere dimisioa aurkezteko asmorik. Dena dela, Mayren aurkako konfiantza mozioa aurkezteko bidea aztertzen hasi dira Parlamentuan ordezkatuta dauden diputatu batzuk. Erabaki horren aurrean ondorengoa azpimarratu du Mayk: “Jokalari bikainek amaierara arte jokatu behar dute haien partida”.
Gauzak horrela, lidergoak “irtenbide errazak hartu beharrean arrazoizko erabaki zuzenak” hartu behar dituela azpimarratu du. Hala, herrialdearen interes orokorrei erantzuteko asmoz Erresuma Batuak beste bide bat hartu behar dutela uste dutenen iritziak errespetatzen dituela esan du.
Bere esanetan, Bruselarekin lortutako akordio “teknikoak” herritarren asmoei erantzuten die, eta 2016ko galdeketan “emandako aginduari erantzuten dio”. Gauzak horrela, Erresuma Batuak “diruaren, mugen eta legeen kontrola” izango duela nabarmendu du, Europar Batasuneko araudi orokorra bertan behera geratuko baita herrialde hartan.
Mayk “milaka lanpostu jokoan” daudela ziurtatu du, eta Ministroen kabinetan “batasuna” lortzeko deia egin du. Izan ere, adostasunik ez balego, oraindik ezagutzen ez dituzten ondorioei aurre egin behar izango dietela ohartarazi du. Dena dela, beste galdeketa bat egiteko aukera baztertu egin du Mayk.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa