Mundua
Bortxaketak neska eta mutikoei
agentziak | erredakzioa
Poliziak eta epaimahai nagusiak Elizak egindako estalketa kritikatu dute; "abusatzaileak eta erakundea babestea lehenetsi zuten". Gainera, biktimak milaka liratekeela zehaztu dute.
Albisteak (4)
Pensilvaniako Gorte Nagusiak (AEB) atzo, asteartea, argitaratutako txosten baten arabera, 300 "abade harrapakarik" sexu abusu eta erasoak egin zituzten sei elizbarrutietan, adin txikikoei egindako abusuak ikertu ondoren.
Epaimahaiak txostenean (1.356 orrialde) jaso duenaren arabera, biktima diren 1.000 adin txikiko identifikatu dituzte, horietako batzuk gizonezkoak eta beste batzuk emakumezkoak; bai nerabeak baita umeak ere.
"Horietako batzuk alkoholarekin eta pornografiarekin manipulatu zituzten. Horietako batzuk erasotzaileak masturbatzera behartu zituzten, edo ukituak egin zizkieten. Beste batzuk bortxatu zituzten, ahoan, aluan eta ipurdian", dio testuak.
Txostena egiteko dozenaka lekukoren testigantzak jaso eta elizbarrutietako milioi erdi orrialde aztertu dituzte.
Horren ildotik, ez dute baztertu biktima kopurua biderkatu eta milaka izatea, oso litekeena baita adin txikiko askoren erregistroa galduta egotea, edo biktimak isilik egotea erabaki izana.
Gainera, txostenean kritikatu egin dute kasu guztiak alde batera utzi zituztela Elizako agintariek, "abusatzaileak eta erakundea babestea lehenetsi baitzuten".
Estalketaren ondorioz, ia kasu guztiak zaharregiak dira epaituak izateko, gehienak 2000 urtetik lehenagokoak direlako, baina epaimahaiak azpimarratu du Greensburgeko elizbarrutiko abade baten aurka ez ezik, Erieko beste zazpiren aurka ere akusazioak bideratu dituela, azken hamarkadan abusuak dituztelakoan.
Josh Shapiro estatuko fiskal nagusiak prentsaurreko batean adierazi zuenez, txostenak "Elizako goi kargudunek Pensilvanian eta Vatikanoan egindako estalketa sistematikoa" zehaztu du.
Greensburg eta Erieko elizbarrutiez gain, Scranton, Allentown, Harrisburg eta Pittsburgheko elizbarrutietan ere egin dituzte abusuak.
Abuztuak 1ean, Harrisburgeko elizbarrutiak 1940az geroztik adin txikikoei sexu abusuak egin dizkieten 71 elizgizon eta apaizgairen izenak argitaratu zituen.
Txostena ezagutarazi eta gero, Filadelfiako elizbarrutiak (ez da txostenean ageri) barkamena eskatu zuen Elizaren izenean, biktimek jasandako esperientziengatik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa