09:51

Mundua

Immigrazioa

Italiak portuak itxi dizkio 629 pertsona daramatzan itsasontzi bati

AGENTZIAK

"Denbora luzean lehen aldiz, erantzukizuna bere gain" hartzeko eskatu dio Maltari. Giuseppe Contek bi mediku bidali ditu ontzira, beharrean dauden pertsonak artatzeko.

  • Milaka lagun erreskatatu dituzte azken urteetan Mediterraneoan. Argazkia: EFE

    Milaka lagun erreskatatu dituzte azken urteetan Mediterraneoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak igandean baieztatu duenez, Italiak portuak itxiko ditu eta ez die Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei baimena emango Italian lehorreratzeko. Jarrera hori zuritzeko, Europako gainerako herrialdeen ereduari jarraitzen diola esan du, "giza trafikoa ekiditeko". Hala, nora jo jakin gabe dago Aquarius itsasontzia, barruan 629 pertsona daramatzala.

Mediterraneoan erreskatatutako 629 pertsona baino gehiago ditu, tartean 11 haur eta zazpi emakume haurdun. Italiak ezezkoa eman ostean, Maltara jo du, baina Maltako Gobernuak ohartarazi du bera ez dela "auziaren erantzulea", Malta Today kazetak zabaldu duenez.

"Frantzia jendea itzultzen ari da mugara, Espainiak armekin defendatzen du bere muga, Maltak uko egiten dio jendea hartzeari. Gaurtik aurrera, Italiak ere 'ez' esango dio giza trafikoari, legez kanpoko immigrazioari", idatzi du Salvini Barne ministroak Facebooken.

Twitter sarean argudiatu du bere erabakia. "Afrikako gazteei eta Italiako haurrei bizitza baketsua bermatu nahi diet", esan du Twitter bidez, "itxi ditzagun portuak" traola erabilita.

Eskaera formala

Italiak, ondoren, modu ofizialean eskatu dio Maltari portuak irekitzea, Aquarius ontzian doazen 629 migratzaileak salbatzeko, izan ere, "ezin du beste aldera batera begira jarraitu".

Matteo Salvinik eta Danilo Toninellik (Barne eta Azpiegitura eta Garraio ministroak, hurrenez hurren) ohar bat zabaldu dute. Horren arabera, Italiako Kostazainek "behin baino gehiagotan idatzi die Valletako agintariei, denbora luzean lehen aldiz, Maltak erantzukizuna bere gain har zezan".

"Gure asmoa da erantzun ofiziala ematea, portuak ireki eta Aquarius ontzian dauden pertsona galduak arriskutik kanpo uztea", gaineratu dute oharrean.

Arreta medikoa

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak iragarri du bi txalupa bidali dituztela mediku banarekin, itsasontzian beharren bat duten pertsonak artatzeko.

Contek azaldu du Joseph Muscat Maltako lehen ministroarekin hitz egin duela, gutxienez, "laguntza humanitarioa" emateko ardura bere gain har dezan, baina horrek "egoera ulertu bai baina ez du inolako esku-hartze humanitariorik bermatu".

"Maltak eta, ondorioz, Europak esku hartu eta larrialdiaren erantzukizuna bere gain hartzeko prestutasun falta baieztatu egiten da", esan zuen kazetarien aurrean.

Gobernuaren presidente berriak penagarritzat jo du Italia "bakardadean egotea immigrazioak eragindako larrialdi egoeraren aurrean".

GKEen kritikak

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak Italiako Gobernuaren erabakia deitoratu du. "MSFk bere kezka adierazi nahi du, berriro ere politika pertsonen bizitzaren gainetik jartzen baita", azpimarratu du Twitterren, eta "lehentasuna da ontzi horretan dauden lagunen ongizatea eta segurtasuna", azaldu du.

Bestalde, Aquarius ontzian dauden 600 migratzaileak hartzeko "Espainiako kostako portu bat egokitzeko" eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari Immigraziorako eta Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Sareak.

"Espainiako Gobernuari eskatu nahi diogu portu seguru bat egokitzeko, horrela Europari erakusteko Mediterraneoan guztiok ez gaudela giza eskubideak alde batera uzteko prest", adierazi du Daniel Mendez gobernuz kanpoko erakunde horren presidenteak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena