09:18

Mundua

ANALISIA

Italiako egungo krisi instituzionala ez da beste bat

Imanol Butron Alonso (*)

5 Izar Mugimenduak eta Ligak Paolo Savona proposatu dute Ekonomia ministro izateko. Presidenteak, baina, ukatu egin du eskaera.

  • Italiako presidentea Carlo Cottarellirekin hizketan. Argazkia: Italiako Errepublikako Presidentetza

    Italiako presidentea Carlo Cottarellirekin hizketan. Argazkia: Italiako Errepublikako Presidentetza

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Astebete barru 3 hilabete beteko dira Italian hauteskunde orokorrak egin zituztela, eta herrialdea krisi instituzional eta politiko izugarri batean murgildurik dago oraindik. Aurretik ere izan dira arazoak presidentearen eta alderdi politikoen artean, baina gutxitan izan dira horrelakoak.

Italiako Konstituzioak lehen ministroa eta Gobernuko gainerako kideak onartzeko edo errefusatzeko aukera ematen dio presidenteari, eta aukera hori beste agintari batzuek ere baliatu dute orain baino lehen. Hala ere, aurrekoetan aukera horrek ez zuen okerrera egin eta auzia ministro aldaketa batekin konpondu zen.

Haatik, oraingo honetan ez dirudi arazoa hain erraz konponduko denik. 5 Izar Mugimenduak eta Ligak Paolo Savona proposatu dute Ekonomia ministro kargurako, eta horren apustu nagusia Italia eurotik ateratzea da. Sergio Mattarella presidentearen ustez, berriz, Europar Batasuneko sortzaileetako bat izanik, Italiak ezin dio arrisku horri aurre egin, eta beste bat proposatzea eskatu die, baina alderdi horiek ez dute onartu.

Egoera horren aurrean, Errepublikako presidenteak, Gobernua osatu ezin duela ikusita, Gobernu teknokrata bat sortzeko ardura eman dio Carlo Cottarelli 64 urteko ekonomialari eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiari. Bi alderdiek dagoeneko esan dute ez dutela beste eskaintzarik onartuko Parlamentuan, eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dute.

2018ko martxoaren 4ko hauteskundeetan, Luigi Di Maioren 5 Izar Mugimenduak botoen % 32 eskuratu zituen. Mateo Salviniren Ligak, berriz, botoen % 17 jaso zituen, baina Silvio Berlusconiren Forza Italia eta Italiako Anaiak alderdiekin koalizioa egin ondoren, botoen % 37,4 bereganatu zituen. Dena den, azken galdeketen eta eskualde eta hiri eta herri askotako emaitzen arabera, Ligak gora egingo du nabarmen hurrengo hauteskundeetan, Europaren kontrako diskurtso erradikala egin eta Italiako demokrazia zalantzan jarri arren.

Ipar Ligak Forza Italiarekin eta zentro-eskuineko beste talde batzuekin aliantza sortuz gero, botoen % 40etik gora jaso eta gobernatzeko boto nahikoa lortuko lituzke. Gainera, Ipar Liga alderdi ultraeskuindarrarekin koalizio-gobernua sortzen saiatu izanak 5 Izar Mugimendua zigortu dezake, hautesleen zati handi bat ez zegoelako aukera horrekin ados.

Beraz, bi aukera daude Italian, eta egoera nabarmen aldatuko da azken erabakiaren arabera. Cotarelli babestuz gero, urtarrilean bozkatuko den Aurrekontu Legea ekarriko du. Gobernuak dimisioa emanez gero, berriz, hauteskundeak aurreratu eta abuztu ostean egingo dituzte.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena