21:00

Mundua

Finantzak

Argentinak erreskatea eskatu dio Nazioarteko Diru Funtsari

Agentziak | Erredakzioa

Christine Lagardek zuzentzen duen erakundearen laguntza erabiliko duela iragarri du Mauricio Macri presidenteak. Argentinak 2006an lortu zuen zorra ordaintzea.

  • Macri, zabaldutako bideoaren fotograma batean / EFE.

    Macri, zabaldutako bideoaren fotograma batean / EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Argentinak laguntza lerro bat eskatuko dio Nazioarteko Diru Funtsari. Mauricio Macri presidenteak iragarri du, Etxe Arrosan grabatutako bideo baten bidez. Bertako hedabide batzuen arabera, 30.000 milioi dolarrekoa izango da erreskatea.

"Argentinar guztien interes onenean pentsatuz hartu dut erabakia, eta gezurrik esan gabe, hainbat aldiz egin duten moduan. Konpromisoak beteta eta demagogiatik eta gezurretik aldenduta, ziur naiz hartu dugun bideak etorkizun hobea ekarriko digula guztioi", esan du Macrik.

NDFeko zuzendari Christine Lagardek presidentearen adierazpena eskertu du. Lagardek macrismoaren "gradualismo" politika txalotu zuen Bueno Airesen izan zen azken aldian. "Gure lankidetzarekin jarraitzea biziki espero dut. Argentinako ekonomia indartzeko nola lan egin dezakegun ikusteko, hizketan hasi gara", esan du.

NDFarengana jotzeko erabakia istorio ezaguna da Argentinan. Amerikako herrialdeak erreskatea eskatu zuen azken aldia 2003a izan zen, eta 2006an zorra kitatu zuen ordainketa bakarrean, Nestor Kirchnerren presidentetzan.

Orain, Macrik "NDFarekin hitz egiten hasiko" dela iragarri du, baina ez dira ezagutzera eman erreskatearen baldintzak.

Presidenteak azaldu duenez, Argentina kanpoko finantzaketaren esku dago nabarmen. Azken hilabeteetan, Argentinako pesoa balioa galduz joan da dolarrarekiko, eta lasaitasun mezua igorri nahi izan du Macrik.

Ostiralean, Argentinar Errepublikako Banku Zentralak % 40ra igo zuen interes-tasa, diruaren prezioa % 33,25era igo eta 24 ordu baino gutxiagora. Horrela, egun bakarrean 675 puntu igo zen erreferentzia-tasa. Hori asteko hirugarren igoera izan zen. Duela bi aste, % 27,25ekoa zen erreferentzia interesa.

Dolarraren igoaldi geldiezinak inportatutako ondasunen prezioak igo ditu, eta kontsumitzaileen erosteko ahalmena murriztu. Hala ere, Ogasun ministroak inflazio helburuak ez direla aldatuko esan zuen aurreko astean: % 15 2018rako, % 10 2019rako eta % 5 2020rako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena