Mundua
Lehen bisita Txinan
agentziak | erredakzioa
Seulek eta Washingtonek bake eta egonkortasun giroan laguntzea eskatu du Kim Jong-unek, penintsula arma nuklearrik gabe uzteko helburuan aurrerapausoak emateko.
Albisteak (3)
Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagia Koreako penintsula arma nuklearrik gabe uztera konprometitu da, Xi Jinping Txinako presidentearekin Beijingen egin duen bileran, hain zuzen, 2011an kargua hartu zuenetik herrialde horretara egin duen lehen bisitan.
Kimek ziurtatu du egoerak hobera egin duela Ipar Koreak tentsioa murrizteko aurrerapausoa eman zuenetik, eta baieztatu du Koreen arteko harremanak aldatzeko asmoa duela, adiskidetzea eta kooperazioa oinarri hartuta.
"Gure erabakia penintsula arma nuklearrez uztera konprometitzea da, Kim Il Sung eta Kim Jong Il buruzagi ohiek nahi zuten moduan", erantsi du Kimek. Era berean, berretsi du prest dagoela Estatu Batuekin eta Hego Korearekin hitz egiteko, baita bi herrialdeetako buruzagiekin biltzeko ere.
"Koreako penintsula arma nuklearrik gabe uzteko afera konpon liteke, Estatu Batuek eta Hego Koreak gure borondate onari erantzun eta bake eta egonkortasun giroa sortzen laguntzen badute, bakea lortzeko beharrezko neurriak hartzen diren bitartean", Kimen esanetan.
Herriaren Areto Handian izan duen bileran, Xik ongietorria eman dio Kimi, Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiaren izenean, eta 19. Biltzar Nazionalean alderdiko buru berrautatu ondoren bidalitako zorion mezua eskertu dio.
Xinhua albiste agentziak jaso duenez, Kimen bisita eskualde horretako herrialdeentzat berebiziko garrantzia duen unean egin dute, eta presidente txinatarrentzat eta horren alderdiarentzat Txina eta Ipar Korearen arteko harremanek duten garrantziaren erakusle da.
Presidente txinatarraren hitzetan, "Ipar Korearekin lan egiteko" eta "garapen iraunkorra, osasuntsua eta egonkorra" bultzatzeko prest daude, "bi herrialdeetako herrien mesedetan, eta eskualdeko bakea, egonkortasuna eta garapenarekin" laguntzeko.
Kimek, bestalde, azpimarratu du garrantzitsua dela Xi herrialdeko buru berrautatu izana, eta berretsi duenez, Txinara joan eta presidentea aurrez aurre zoriontzea zen bere egitekoa, tradizioari jarraituta.
Txina Ipar Koreako kide nagusia izan da beti. Halere, Kimek Moon Jae In Hego Koreako presidentearekin eta Donald Trump presidente estatubatuarrarekin biltzeko asmoa dauka, apirilean eta maiatzean, hurrenez hurren.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa