Mundua
PENTSIOAK EUROPAN
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EBko bataz besteko erretiro adina 63 urtean dago. Halaber, herrialde gehienetan jubilatuek pentsio publikoak jasotzen dituzte, baina alde handia dago iparraldeko estatuetatik hegoaldekoetara.
Pentsiodunen protestak Parisen. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko (EB) pentsionista, jubilatu edo erretiratuen egoera oso ezberdina da herrialde batetik bestera. Desberdintasunak nabariak dira, batez ere, erretiro adina, batez besteko pentsioa eta pentsio publiko edo pribatuei dagokienez.
EBko herritarrek 63 urterekin hartzen dute erretiroa batez beste, nagusiki pentsio publikoak jasotzen dituzte, baina jasotzen duten kantitatean alde nabarmenak daude. Europar Batasunean erretiro adina 63,4 urtekoa zen 2016an, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen batez bestekoaren (65,1 urte) azpitik. Dena den, erretiro adina igotzeko joera nagusitu da estatu gehienetan. Gauzak horrela, pentsiodunak kalera atera dira Belgikan, Italian edota Espainian.
Erretiro adinari buruzko eztabaidaz gain, pentsio publikoen bideragarritasuna ere ezbaian dago, bereziki, pentsioak langileen kotizazioari esker ordaintzen diren lurraldeetan (Europa hegoaldea). Beste zenbait estatutan, Suedia, Erresuma Batua eta Herbehereak, kasu, pentsio publikoak ekarpen pribatuekin osatzen dira.
Espainian 8,7 milioi pentsiodun daude eta batez beste 932 euro jasotzen dituzte hilean, 2017ko otsaileko datuen arabera. Gainera, 67 urte izan behar dituzte erretiroa hartzeko (edo 65 urte, 38 urte eta sei hilabetez kotizatu baldin badute).
Suedian, batez besteko pentsioa 20.000 eurokoa da urtean. Sistema suediarrak Gizarte Segurantzako kotizazioak ekarpen pribatuekin osatzen ditu eta beren pentsioa jasotzea eska dezakete 61 urtetik aurrera. Erretiro adina 67 urtean badago ere, langileek lan egiten jarrai dezakete baldin eta nagusiarekin adosten badute.
Herbehereetan ere pentsioa sistema mistoa dute. Estatutik jasotzen duten kantitateari, enpresek langileen pentsiorako egiten dituzten ekarpenak eta pentsio pribatuak gehitu behar zaizkie. Erretiro adina 68 urtean dago eta datozen urteetan igotzea aurreikusten da.
Frantzian batez besteko pentsioa 1.086 eurokoa da eta erretiro adina 62 urtean dago.
Alemanian batez besteko pentsioa Frantziakoaren oso antzekoa da, 1.003 euro hilean, baina sexuaren eta lurraldearen arabera ezberdintasun handiak daude. Esaterako, emakumeek gutxiago kobratzen dute eta baita erregimen komunistaren pean lan egin zutenek ere. Gaur egun, 65 urte eta 6 hilabeterekin erretiroa har dezakete alemaniarrek, baina 2031rako 67 urtera igoko da.
Erresuma Batuan, pentsiodunek estatutik jasotzen duten kopurua 550 eurokoa da. Hala ere, Suedian gertatzen den bezala, pentsio publikoak enpresen ekarpenekin osatzen dituzte. Izan ere, enpresak behartuta daude "Workplace Pensions" deiturikoetara ekarpenak egitera.
Italiari dagokionez, batez besteko pentsioa 501,89 eurokoa da, baina ez dago toperik.
Grezian, % 40 jaitsi dira pentsioak 2010eko erreskateaz geroztik.
Polonia ere balantzaren alde pobrean dago. Pentsiodunek 500 euro jasotzen dituzte hilean batez beste. Halaber, bada komunismoari lotutako bitxikeria bat: emakumeek 60 urterekin hartzen dute erretiroa; gizonezkoek, 65 urterekin.
Bestalde, Portugalen 434 euro kobratzen dituzte hilean eta ezin dute 66 urte bete aurretik erretiroa hartu. Hala ere, praktikan 69 urterekin erretiratu ohi dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa