19:03

Mundua

Estatu Batuak

Floridako sarraskiak armei buruzko eztabaida piztu du AEBn, baina Trump isilik dago

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

AEBn 33.000 pertsona hiltzen dira urtean tiroz, eta errifle bat sakelako telefono baten prezioan eros daiteke.

  • Donald Trump. Argazkia: EFE

    Donald Trump. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joan den asteazkenean 19 urteko gazte batek 17 pertsona hil zituen Floridako institutu batean eta horrek enegarrenez piztu du armen kontrolari buruzko eztabaida Ameriketako Estatu Batuetan.

Estatu Batuetan 33.000 pertsona hiltzen dira urtean tiroz, eta errifle bat sakelako telefono baten prezioan eta ia baldintzarik gabe eros daiteke dendetan, legalki.

Pertsona batek arma bat izatea ohikoa izateaz gain, Konstituzioan jasota dago eskubide hori. Sektore kontserbadoreek eskubide hori sutsuki babesten dute.

Alabaina, Floridan jazotakoaren antzeko sarraskiak gertatzen direnean, armen gaineko kontrol zorrotzagoa eskatzen duten ahotsak agertzen dira.

Errepublikanoek eta Donald Trump AEBko presidenteak, baina, uko egin diote gai honi heltzeari eta beti blokeatu dituzte armen gaineko kontrola zorrozteko aurkeztu diren ekimen legegileak.

Trumpek biktimen senideei babesa eta elkartasuna adierazteko eta erasotzaileak buruko arazoak zituela esateko erabili ditu bere mezu guztiak, armen erabilerari aipurik egin gabe.

Barack Obamak kontrol neurriak gogortzeko kanpaina egin zuen presidente zenean, ezer gutxi lortu bazuen ere. Trumpek, ostera, ez du inolako proposamenik egin eta "arma" hitz ere ez du erabili bere mezu eta adierazpenetan.

Hori bai, hainbat aldiz errepikatu du Floridako erasotzaileak buruko gaitzak zituela.

Hala izan edo ez, errifle bat legalki nola erosi ahal izan zuen galdetzen dute askok AEBn.

Armategietako saltzaileek arma arriskutsurik ez dagoela esaten dute. Haientzat pertsonak dira arriskutsuak, armek ez dute hiltzen, pertsonak dira hiltzen dutenak.

Kongresista demokratek arazo honi ez heltzeak "lotsa" emango liekeela adierazi dute. "30 pertsona hil dira bi egunetan tiroz. Informazio gehiago behar genuela esatea da egin dezakegun gauza bakarra?", galdetu du Mike Thompson demokratak.

Paul Ryan errepublikanoen buruzagiak eztabaida laster saihestu du: "Beroaldian ez da hitz egin behar".

Rick Scott Floridako gobernadoreak, berriz, armen kontrola zorrozteko neurriez hitz egiteko bada, aukera guztiak irekita daudela esan du.

"Honelakorik berriro ez gertatzea da nire lehentasuna", azpimarratu du.

Bestalde, Floridan hildako ikasleen gurasoek "zerbait" egin dezala exijitu diote Donald Trump presidenteari.

Hainbat komunikabidek ere neurriak har ditzala eskatu diote Trumpi, tartean The New York Post egunkari kontserbadoreak edota The New York Times-ek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena