Mundua
Israel
Agentziak | Erredakzioa
Eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusua egotzita lehen ministroa auzipetzeko gomendioa eman dio Poliziak Fiskaltzari. Netanyahuren ahotan, helburua “boteretik kentzea” da.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusua leporatuta Benjamin Netanyahu lehen ministroa auzipetzeko gomendioa eman dio gaur Israelgo Poliziak Fiskaltzari, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez. Bi auziren ikerketa duela urtebete abiatu zuten poliziek.
“Behin 1000 Auziaren ikerketa amaituta, Arnon Mijalekin lotuta, eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusuagatik; eta James Packer Australiako enpresaburuarekin lotuta, iruzurra eta konfiantza-abusuagatik auzipetzeko zantzu nahikoak ikusi ditu Poliziak”, azaldu dute agiri batean.
Mesedeen truke, Netanyahuk bera eta bere familiarentzako dirudunen luxuzko opariak (puruak eta Frantziako xanpaina) onartu ote zituen ikertzen ari ziren auzian.
Ikerketan zehar Mijal Hollywoodeko produktorea eta Packer Australiako aberatsa, baita haien laguntzaileak eta langileak ere, galdekatu ditu Poliziak. Antza denez, oparietako asko Netanyahuren senideek eskatuta egiten ziren.
Gobernuburuak eta Sarak, haren emazteak, opariak jaso izana onartu dute, baina “lagunarteko hartu-eman” huts bat dela erantsi dute, mesedeak ukatuz.
Bigarren auzian (2000 Auzia), Netanyahuren eta Arnon Mozes Yediot Aranot egunkariko editorearen arteko ustezko itun bat ikertu du Poliziak. Mozesek lehen ministroaren inguruko informazio positiboagoa ematea proposatu omen zion Netanyahuri. Trukean lehen ministroak Israel Hayom doako egunkariari kalte egin behar zion.
“Eroskeria, iruzurra eta konfiantza-abusuagatik lehen ministroaren aurkako froga nahikoak aurkitu ditu Israelgo Poliziak”, adierazi dute agirian.
Era berean, Mozes auzipetzeko gomendioa eman du, “eroskeria izan denaren zantzu nahikoak direlako”.
Netanyahu bere abokatuekin eta aholkulariekin bildu da
Gaia aztertzeko, Netanyahu bere abokatuekin eta aholkulari nagusiekin bildu da gaur, Poliziaren gomendioak argitara eman baino ordu batzuk lehenago.
Poliziaren gomendioen berri izan ondoren, lehen ministroak agerraldia egin du bideo batean, telebistan. Bera eta bere familiaren aurkako “difamazioa” dela salatu du Netanyahuk. Lehen ministroaren hitzetan, “boteretik kentzeko” ekintza bat da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa