Itxi

Mundua

VENEZUELA

EBk Maduroren Gobernuaren zazpi goi-kargu zigortuko ditu

Agentziak | Erredakzioa

Kontuak izoztea eta Europar Batasuneko herrietan sartzeko debekua ezarri diete zazpi goi-kargu horiei.

  • Nicolas Maduro bere Gobernuaren bilera batean.

    Nicolas Maduro artxiboko argazki batean. EFE.

Europar Batasunak Nicolas Maduro presidentearen Gobernuaren zazpi goi-kargu zigortuko ditu, Venezuelan "errepresioa" erabiltzen baitihardute. EBko herriek adostutakoaren arabera, kontuen izoztea eta EBn sartzeko debekua ezarri diete.

Erabakia hartuta egon arren, datorren astera arte ez da ofiziala izango, orduan izango baita EBko ministroen bilera. Hala ere, zigorren bideratzea egun batzuetan luzatu daiteke.

Adostutako erabaki hori, azaroan ezarritako arma-blokeoari eta errepresiorako erabili daitekeen edozein materialaren betoari gehituko zaio.

Dominikar Errepublikan Venezuelako Gobernuaren ordezkarien eta oposizioaren artean egiten ari diren negoziaziorako elkarrizketen testuinguruan hartu du EBk erabakia.

Hori horrela, ostegunerako aurreikusita zegoen negoziaziorako bilera bertan behera gelditu zen atzo, osteguna, Oscar Perezen (Gobernuaren aurka matxinatu zen Polizia-inspektore ohia) hilketaren inguruko zalantzek bultzatuta. Orain elkarrizketa horiek noiz berrabiatuko dituzten zain daude.

Batasun Demokratikoaren Mahaia osatzen duten oposizioaren alderdien koalizioak Dominikar Errepublikan nazioarteko bitartekarien laguntzaz ematen ari diren elkarrizketan "trabak" jarri izana leporatu dio Nicolas Maduroren Gobernuari.