Itxi

Mundua

Urakanak Atlantikoan

Maria urakanak 12 hildako utzi ditu jada Puerto Ricon

Agentziak | Erredakzioa

Urakanak Turk eta Caico uharteetarako bidea hartu du orain, Saffir-Simpson eskalako hirugarren mailako urakan gisa eta orduko 205 kilometroko haizeteekin.

2:24

Maria urakanak 12 hildako utzi ditu jada Puerto Ricon. Azken zortzi hildakoak Toa Baja udalerrian (iparraldean) agertu dira itota, Puerto Ricoko agintariek jakinarazi dutenez.

Toa Bajako alkatearen esanetan, La Plata lakuaren urtegiko uhateak zabaldu ostean gertatu da ezbeharra. Udalerri horretan, 4.000 erreskate inguru egin dituzte urakanaren ondorioz.

Bertako hainbat hedabidek esan dute ez direla piztu uholdeen berri ematen dituzten alarmak. Gainera, argi-indarrik gabe jarraitzen dute, Puerto Ricoko udalerri gehienetan bezala.

Utuadon hiru ahizpa hil dira uholdeen ondorioz izandako luizi batek beren etxea estalita.

Hamabigarren hildakoa bere etxea babesteko jarritako eta haize bortitzaren ondorioz ihes egindako taula batek jota hil zen, Puerto Ricoko gobernadoreak jakinarazi duenez.

Mariak hondamena ekarri du Puerto Ricora, maila gorenera, 5.era, heldu baita, orduko 285 kilometroko haizeteak izan baititu.

Orain, Turk eta Caico uharteetarako bidea hartu du, Saffir-Simpson eskalako hirugarren mailako urakan gisa, orduko 205 kilometroko haizeteekin.