Itxi

Mundua

Maria urakana

AEBko Gobernuak "hondamendi gune" izendatu du Puerto Rico

Agentziak | Erredakzioa

Maria urakanaren ondorioz, uharte horretako biztanleriaren gehiengoa argindarrik gabe geratu da eta hainbat ibaik gainezka egin dute.

1:31
Maria Urakana Puerto Ricon

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak "hondamendi gune" izendatu du Puerto Rico, Maria urakanak uhartea gogor kolpatu ondoren.

Gutxienez pertsona bat hil da eta 3,5 milioi herritar argindarrik gabe geratu dira, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.

Hondamendi gune izendatuta, Puerto Ricok AEBren diru-laguntzak jasoko ditu. Ricardo Rosello Puerto Ricoko gobernadoreak atzo jakinarazi zuen uhartea hondamendi gunetzat jotzea eskatu ziola Trumpi.

Bart, Trumpek ondoko mezua helarazi zion Rosellori Twitter bidez: "Zurekin eta Puerto Ricoko herritarrekin gaude. Babesean gorde zaitezte!".

Maria urakanak asteazken goizean astindu zuen Puerto Rico, orduko 250 kilometroko haize ufadekin, bi ordu luzez.

Urakanak argindarrik gabe utzi du biztanleriaren gehiengoa eta hainbat ibaik gainezka egin dute.

Maria urakana Dominikar Errepublikatik aldentzen ari da, orduko 185 kilometroko abiaduran.