Mundua
5. mailako urakana
Irmak Karibe astindu, eta kalte handiak eta 12 hildakotik gora utzi ditu
agentziak
Barbudan etxebizitzen % 95 kaltetu dira, aireportua erabilezin geratu da eta urak ia lurralde osoa hartu du. Irma 4. mailako indarrarekin helduko da Floridara, asteburuan.
Iragarrita zegoen, eta esperotakoa bete da. Irma urakanaren begia (5. mailakoa) Barbuda, San Martin, San Bartolome (Antilla Txikiak) eta Puerto Rico gainetik igaro da jada, eta 12 hildako eta kalte material handiak eragin ditu jada.
Barbudan, gutxienez pertsona bat hil da, eta uharteko etxebizitzen % 95ean utzi ditu kalteak, Gaston Brown Antigua eta Barbudako lehen ministroak asteazken gauean adierazi duenez. Gainera, biktimen artean ume bat dagoela baieztatu du.
Uhartea airetik aztertu ostean ABS telebista-kateak egindako elkarrizketa batean adierazi du ikusitakoa "etsigarria" eta "erabat lazgarria" izan dela. "Lehen azterketa batean, esan daiteke Barbudako suntsiketak ez duela aurrekaririk", gaineratu du.
"Uhartea urpean dago, eta hori berez mehatxu handia da, eltxoek gaixotasun ugari zabal ditzaketelako", azaldu du. Era berean, erantsi duenez, konponketaren kostua "ez da 150 milioi dolar (126 milioi euro) baino gutxiagokoa izango".
Irma urakana, espaziotik ikusita, Karibera iristen. Argazkia: EFE
Brownen esanetan, Irmak aireportuan ere eragin ditu kalteak, eta, ondorioz, hegazkinek ezin dute bertan lur hartu. "Barbudara heltzea erronka da", onartu du.
Bestalde, gutxienez zortzi pertsona hil dira San Martin uhartean, Antilla Txikietan, Irma goizaldean igaro ondoren, Eric Maire Guadalupeko prefektuak jakinarazi duenez.
Funtzionario horren hitzetan, behin-behineko balantzea da, San Martin eta San Bartolomerekin harremanak izateko zailtasunak baitituzte. Barbudarekin batera, azken bi horiek izan dira oraingoz zikloiaren kalte handiena jasan dutenak.
Irmak sorrarazten dituen haizeteek eta urak hildako bat eta hainbat kalte material utzi dituzte Puerto Ricon. Gainera, milioi bat pertsona argindarrik gabe geratu dira, eta 4.000k babeslekuetan sartu behar izan dute.
San Bartolomen, herritar bat hil da eta urak suhiltzaileen egoitza ere harrapatu du.
Kariben, Birjina uharteetan (Saint Thomasen eta Saint Johnen) ere izan dira kalteak, Alejandro De La Campa Larrialdiak Kudeatzeko AEBko Agentzia Federalaren Karibeko ordezkariaren arabera.
Hurricane watches will likely be issued for parts of FL today. TS winds expected to arrive in south FL and the Keys on Saturday #Irma pic.twitter.com/l6WkxYet6P
— NHC Atlantic Ops (@NHC_Atlantic) 7 de septiembre de 2017
Floridan, asteburuan
Irma larunbatean edo igandean helduko da Floridara, eta azkenaldian AEBko lurraldea jo duen bigarren urakan handia izango da. NHCren arabera, Irma 4. mailako indarrarekin helduko da Floridara.
Halere, Rick Scott Floridako gobernadoreak jakinarazi duenez, zenbait gune ebakuatu dituzte: batzuk nahitaez hustu dituzte eta beste batzuetan bertan geratzeko aukera eman diete herritarrei.
Miami, kostaldea eta Monroe konderria ebakuatu dituzte, herritar batzuk gogoz kontra irtenarazita. Broward eta Collier konderrietan, aldiz, modu boluntarioan.