Mundua
Ekaitz tropikala
Irma urakanak 5. maila hartu du Karibera bidean
agentziak | erredakzioa
Urakanak orduko 280 kilometrorainoko abiadura hartu duten ufadak izan ditu eta dagoeneko tifoi “oso arriskutsua” da, Urakanen Zentro Nazionalaren hitzetan.
Saffir-Simpson eskalan bosgarren maila hartu du Irma urakanak astearte honetan, Karibera eta Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldera bidean, AEBeko Urakanen Zentro Nazionalak argitaratutako azken balantzearen arabera.
Irmak orduko 280 kilometrorainoko abiadura hartu duten ufadak izan ditu eta dagoeneko tifoi “oso arriskutsua” da, Urakanen Zentro Nazionalaren hitzetan. Horregatik, denboraleari aurre egiteko prestatze-lanak martxan jartzeko eskatu die zonaldeko herrialdeei.
INFORMAZIOA EGUNERATUTA (2017/09/06) Irma urakanaren begia Barbudaren gainetik igaro da, 295 km/h-ko abiaduran
Antigua eta Barbudatik 440 bat kilometrora dago urakana eta mendebalderantz doa, 22 kilometro orduko translazio abiaduran.
Alerta egoeran daude Antigua, Barbuda, Aingira, Montserrat, Saint Kitts eta Nevis uharteetan, baita Saba, San Eustakio eta San Martin uharteetan ere.
Puerto Ricoko, Dominikar Errepublikako, Bahametako eta Ameriketako Estatu Batuetako hego-ekialdeko kostaldean ere alerta ezarri dute, urakana asteburuan heltzea espero baitute.
2017ko lehen ekaitz tropikala Arlene izan zen, Atlantiko erdialdean apirilean sortutakoa, denboraldia hasteko hilabete inguru falta zenean.
Horren ostean, Bret, Cindy, Don, Emily eta Franklin sortu ziren (azken hori denboraldiko lehenengo urakana izan zen), eta Gert (bigarren urakana) eta Harvey (4. maila hartu zuena) heldu ziren ondoren. Irma dabil orain ingurua astintzen.