Mundua
Hondamendi naturala
Dagoeneko 50 hildako utzi ditu Harvey urakanak AEBn
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Berreraikitze lanetarako 7.900 milioi dolarreko diru-laguntzak onartzeko eskatu dio Donald Trump presidenteak AEBko Kongresuari.
Harvey urakanak 50 hildako eragin ditu jada AEBn, azken informazioen arabera. Dena dela, bilaketa eta erreskate operazioek jarraitzen dute hainbat estatutan, Houstoneko udalerrian bereziki.
Harveyk uholde larriak eragin ditu, 20 bat lagun desagertu dira, eta 32.000 biztanle euren etxeetatik atera behar izan dituzte. Orain, 50 km/h-ko abiadurarekin mugitzen da urakana; hori dela eta, ekaitz tropikala da berriro ere, eta indarra galtzen ari da.
Houston udalerria geldiarazi du urakanak, eta litekeena da AEBko historian izandako hondamendi natural adierazgarrienetarikoa bihurtzea.
Hori dela eta, berreraikitze lanetarako 7.900 milioi dolarretako diru-laguntzak onartzeko eskatu dio Donald Trump presidenteak AEBko Kongresuari.