Mundua
Venezuela
Agentziak | Erredakzioa
Bere etxebizitzatik jarraitzaileak agurtu ditu. 2014ko otsailaren 18az geroztik Lopezek egindako lehen agerraldi publikoa izan da.
Leopoldo Lopez, bere etxetik egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Leopoldo Lopez Venezuelako oposizioko burua Ramo Verde espetxetik atera da goizaldean, eta zigorra bere etxean bertan beteko du. Hala baieztatu du Javier Cremades abokatuak larunbat honetan bere Twitter kontuan zabaldutako mezu baten bidez.
2015ean ia hamalau urteko kartzela-zigorra ezarri zioten oposizioko buruari, 2014ko otsailean istilu handiak sortu zituen manifestazio bat antolatzea leporatuta. Venezuelako Gobernuaren kontrako protesta horretan 43 pertsona hil ziren.
Otsailaren 18an epaitegietan erantzuteko prest agertu zen Venezuelako oposizioko burua. Ordudanik preso zegoen Ramo Verde espetxean. Oposizioak, nazioarteko gobernuek eta Giza Eskubideen aldeko elkarteek “preso politikotzat” jo dute Leopoldo Lopez.
Dagoeneko 80 egun igaro dira Venezuelan Maduroren Gobernuaren kontrako protestak hasi zirenetik, eta, kalean sortutako istiluetan 89 pertsona hil dira. Halaber, asteazken honetan talde chavista bat indarrez sartu zen Venezuelako Parlamentuan, eta bost diputatu zauritu ziren.
Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenaren esanetan, “osasun arazoak direla eta” Leopoldo Lopezek zigorra etxean bete dezan erabaki dute.
“Dagoeneko etxean da, Caracas hirian, Lilian Tintori eta bere seme-alabekin. Oraindik ez dute askatu, zigorra etxean bete behar baitu. Goizaldean irten da”, jakinarazi du Cremadesek.
“Leopoldoren irteerak bere lidergoa sendotzen du. Venezuelako Delcy Rodryguez kantzelariak egindako bisita baten ostean atera dute espetxetik”, gaineratu du abokatuak.
Leopoldo López está en su casa de Caracas con Lilian y sus hijos. Aún no es libre, sigue bajo arresto domiciliario. Le sacaron de madrugada.
— Javier Cremades (@JavierCremades) 8 de julio de 2017
Lehen agerraldi publikoa
Etxe barruan orduak eman ostean, inguruan bilduta zeuden jarraitzaileak agurtzera atera da Leopoldo Lopez Caracasen. Bere etxebizitzaren terraza batean agertu da, Venezuelako bandera eskuan duela, eta hura musukatu eta astindu du jendaurrean. Orduan, jarraitzaileak txaloka eta oihuka hasi dira.
2014ko otsailaren 18az geroztik Lopezek egindako lehen agerraldi publikoa izan da. Egun hartan atxilotu egin zuten, eta ia 14 urteko espetxe-zigorra ezarri.
"Askatasuna lortu arte, borroka egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dizuet. Venezuelako herria, erresistentziaren 100 egunetara, borroka egitera kalera atera gaitezen", esan du Lopezek Freddy Guevara koordinadoreak irakurritako eskutitzaren bitartez.
Oposizioko kideak pozik agertu dira
Henrique Capriles eta oposizioko beste kide batzuk pozik agertu dira, Leopoldo Lopez kartzelatik irten dela zabaldu ostean. Zehazki, 2014ko otsailaren 18an espetxeratu zuten oposizioko burua, baina larunbat honetan Ramo Verde espetxetik atera dute "osasun arazoak" iritzita.
Twitter biz zabaldutako mezu batean "poztasun handia" adierazi du Caprilesek, oposizioko burua "bere familiarekin etxean" baitago. Alabaina, "preso politiko guztiak" askatzeko exijitu dio Maduroren Gobernuari.
Era berean, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea pozik azaldu da, eta Venezuelak "elkarrizketarako borondatearekin jarraitu eta irtenbide baketsuak bilatu" behar dituela azpimarratu du.
Halaber, Maria Corina Machado diputatu ohiak Lopez askatzeko erabakia "aurrerapauso garrantzitsu bat" suposatzen duela ziurtatu du, eta azken hilabeteotan oposizioak kalean egindako protestek Maduroren Gobernua oposizioko burua kartzelatik ateratzera behartu dutela gaineratu du.
Ildo horretatik, Leopoldo Lopez espetxetik ateratzeko erabakia "lorpen handia" dela esan du Julio Borges Venezuelako Parlamentuko presidenteak. Hala, erabaki horrek "askatasunaren alde borrokatzeko herritarrei indar gehiago" ematen diela esan du.
"Indarkeriarekin" amaitzea eskatu dute Maduroren Gobernuaren aldekoek
Beste alde batetik, Elias Jaua Asanblea Konstituziogilerako Presidente Batzordeko buruak erabakia "heldutasunez" hartzeko eskatu dio oposizioari.
"Justizia Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatzen dugu. Heldutasunez hartu eta indarkeria gelditu dezaten espero dugu", azpimarratu du Jauak Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa