23:03

Mundua

Inteligentzia Batzordea

Comeyk baieztatu du Flynn gehiago ez ikertzeko eskatu ziola Trumpek

agentziak | erredakzioa

FBIren zuzendari ohiak adierazi du presidenteak "leialtasuna" eta Michael Flynn Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak Errusiarekin ustez dituen harremanen inguruko ikerketa uzteko eskatu ziola.

  • James Comey FBIren zuzendari ohia. Argazkia: Efe

    James Comey FBIren zuzendari ohia. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

James Comey FBIren zuzendari ohiak Senatuko Inteligentzia Batzordean deklaratuko du bihar, eta presidenteak "leialtasuna" eta Michael Flynn Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiak Errusiarekin ustez dituen edo izan zituen harremanen inguruko ikerketa uzteko eskatu ziola esango du.

Comeyk Trumpekin aurrez aurre, lekukorik gabe, izandako bileretako txostenak irakurriko ditu bihar, baina Batzordeak gaur argitaratu du testua.

"Espero dut bidea argi ikusiko duzula hau uzteko, Flynni joaten uzteko. Tipo ona da bera", esan zion Trumpek Comeyri, azken horrek bileraren ostean idatzitako txostenean idatzi zuenez.

Gainera, presidente kargua hartu eta gutxira, Trumpek Comey Etxe Zurira gonbidatu omen zuen, berez, jende gehiagorekin batera afaltzeko, baina azkenean biak bakarrik elkartu ziren, eta FBIren buru izaten jarraitzeko asmoa ote zuen galdetu zion: "Presidentea FBIko zuzendari izaten jarraitu nahi ote nuen galdetzen hasi zen. Horren harritu egin ninduen, aurretik izan genituen elkarrizketa batzuetan birritan esan zidalako ni postuan geratzea espero zuela, eta jarraitzeko asmoa nuela erantzun nion nik. Nire lanpostua jende askori gustatzen zaiola esan zidan, eta, aurreko urtean izan nuen presioa aintzat hartuta, alde egin nahi banuen berak ulertu egingo zuela".

"Nire senak esan zidan aurrez aurreko bilera hura eta gure lehen eztabaidagaia nire lanpostua izatea, neurri batean behintzat, nire lanpostuari eustea eskatzeko eta nolabaiteko babes bat lortzeko ahalegina zela. Horrek asko kezkatu ninduen, FBIk Exekutiboaren aurrean jarrera independentea izateko ohitura izan baita orain arte", azaldu du.

"Une batzuk geroago, presidenteak hau esan zuen: 'Leialtasuna behar dut, leialtasuna espero dut'. Ez nintzen mugitu, ez nuen hitz egin eta ez nuen aurpegia aldatu ondorengo isilune deserosoan. Elkarri begiratu genion, isilik. Elkarrizketak aurrera jarraitu zuen, baina afariaren amaieran berriro hitz egin genuen horretaz", gaineratu du Comeyk txostenean.

Elkarrizketa horietan hitz egindakoa idatzita dago txostenetan, eta The New York Times eta The Washington Post egunkariek filtratu zuten, baina Comeyk ez du gaur arte baieztatu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena