10:43

Mundua

Manchesterreko atentatua

Londresek AEBrekin datuak partekatzeari utzi dio, filtrazioa tarteko

Agentziak | Erredakzioa

AEBko hedabideek Manchesterreko atentatuaren datuak zabaldu dituztela eta, azalpenak eskatuko dizkio Mayk Trumpi, NATOren bileran.

  • Auzitegiko medikuak, Manchesterreko atentatuaren lekuan. EFE

    Auzitegiko medikuak, Manchester Arena inguruan. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aurrerantzean Polizia britainiarrak ez du AEBrekin Manchesterreko atentatuen informaziorik partekatuko, BBCk gaur jakinarazi duenez. Londreseko agintariak suminduta daude AEBko hedabide batzuek erasoaren inguruko informazio konfidentziala zabaldu dutelako; iturria AEBko gobernua izan da, euren ustez.

Ohikoa da estatu ezberdinetako poliziek datuak trukatzea, segurtasuna bermatze aldera. Oraingoan, baina, AEBk konfidentzialtasunaren araua urratu dutela uste dute Erresuma Batuko agintariek.

New York Times egunkariak atentatuaren lekuaren eta bonbaren irudiak kaleratu zituen atzo, eta horrek haserrea eragin du britainiarren artean.

NATOko agintariek goi-bilera dute gaur Bruselan. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Donald Trump AEBko presidentea izango dira bertan, eta filtrazioaren inguruko azalpenak eskatuko omen dizkio britainiarrak.

Atzo kaleratutako irudiak ez ezik, atentatuaren ikerketaren datu gehiago ere filtratu dituzte AEBn. Hala nola, Salman Abedi ustezko suizidaren berri eman zuten, Manchesterreko Poliziak izen-abizenak zabaldu baino lehen. Manchesterrekoa atentatu terrorista izan zela ere baieztatu zuten, Londresek ofizialki hala zela esan gabe zuela.

AEBn zabaldutako beste informazio baten arabera, Abediren senitartekoek polizia britainiarrari ohartarazi zioten pertsona arriskutsua zela.

BBCren arabera, Manchesterreko Poliziak espero du laster berreskuratzea orain arte AEBkoarekin zuten konfiantza, baina gaur gaurkoz "amorratuta" dago.

Erresuma Batuko Polizia Arduradunen Kontseilu Nazionalaren iritzian, filtrazioek "ikerketari kalte egin diete, eta biktimen, hauen senitartekoen eta lekukoen konfiantza urratu dute".

 

 

>

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena