Mundua
Frantzia
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macronek presidente kargua hartu du igande honetan, Hollanderi lekukoa hartuta. Frantziako V. Errepublikako estatuburu gazteena bihurtu da Macron.
Albisteak (4)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
François Hollandek amaiera eman dio igande honetan bost urtez bete duen Frantziako presidente karguari. Hala irudikatu du Eliseo Jauregitik irten denean, Emmanuel Macroni lekukoa emateko. Frantziako V. Errepublika ezarri zenetik inoiz izan den estatuburu gazteena da Macron.
Frantsesek “itxaropena eta garaipena” aukeratu dutela nabarmendu du Macronek, kargua hartu ondoren emandako lehen hitzaldian.
“Inoiz baino herrialde indartsuago eta seguruago bat behar dute Europak eta nazioarteak, askatasunari ahotsa emango diona eta bere etorkizuna asmatzeko gai izango dena”, azpimarratu du Macronek.
10:00ak aldera, Hollandek Eliseo Jauregiko eskaileretan agurtu du Frantziako estatuburu berria, eta ordu erdi inguru bilduta egon ondoren, sarrera nagusitik irten da, inbestidura saioa Alderdi Sozialistaren egoitzan jarraitzeko. Alderdi politikoak pankarta handi bat jarri du egoitzan, Hollanderen irudiarekin, presidente ohiari eskerrak eman nahian.
Gauzak horrela, errepublikak agintzen duen legez, Hollandek bost urte eman ditu Frantziako Gobernuan. Aldaketa handiak egiteko itxaropenarekin heldu zen kargura, baina azken urteotan egindako erreforma ekonomikoen ondorioz eta Frantzian izandako atentatu terroristen eraginez babesa galduz joan da.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Alexis Kholer aukeratu du Eliseoko idazkari nagusi gisa (Ekonomia Ministroa zenean bere bulegoaren zuzendaria zena). Nazioarteko Diru Funtsan lan egin du Kholerrek.
Hollandek lekukoa eman dio Macroni
François Hollande sozialisten itxaropena bihurtu zen agintera heldu zenean, duela bost urte. Alabaina, urteak igaro ahala babesa galduz joan da, eta, ondorioz, uko egin dio beste bost urtez presidente izateko hautagaitza aurkezteari.
2012. urtean, Nicolas Sarkozyk ez zuen babes nahikorik lortu Frantziako Gobernuan jarraitzeko, eta sozialistek lortutako botoei esker François Hollande V. Errepublikako presidente izendatu zuten.
Gobernuaz gain parlamentuaren kontrola lortu zuten sozialistek, baina egoera ekonomikoa eta ziurtasun eza dela eta frantses askok ez diete babesik eman oraingoan. Gainera, Frantzia, gaur egun larrialdi egoeran dagoen herrialdea da (hala iragarri zuen Hollandek 2015eko azaroaren 13an Parisen izandako atentatuaren ostean).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa