00:19

Mundua

Bigarren itzulia

Macronek eta Le Penek hauteskunde-eztabaida gogorra izan dute

Agentziak

Eztabaidan iraintzera ere iritsi dira, eta desadostasunak oso argiak izan dira gaur egungo gai nagusienetan, Europaren etorkizunaren eta jihadismoaren kontrako borrokaren inguruan, besteak beste.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emmanuel Macron liberalak eta Marine Le Pen ultraeskuindarrak Frantziako hauteskunde presidentzialen bigarren itzuliaren atariko azken eztabaida egin dute gaur, eta elkarrizketa gogorra izan dute.

Eliseo Jauregirako hautagaiek presidente izanez gero dituzten asmoak defendatu dituzte eztabaidan. Macron En Marche!-ren buruak 20 puntu ateratzen omen dizkio Fronte Nazionalaren buruzagiari inkestetan, eta gaurko telebista saioa zen Le Penen azken aukera inkestak iraultzeko.

Terrorismoaren kontrako borrokaz hitz egiterakoan izan dute eztabaida gogorrena. Le Penek "fundamentalismo islamiarrarekin tolerante" izatea leporatu dio Macroni. "Segurtasuna ez da agertzen" bere proiektu politikoan, hautagai ultraeskuindarraren arabera. Horren harira, Le Penek esan du jihadismoagatik zaintzen ari diren pertsona guztiak kanporatu eta "meskita salafistak" itxiko dituela.

Horren aurrean, Macronek gogorarazi du terrorismoaren kontrako talde bat osatzea dela bere hauteskunde asmoetako bat, eta segurtasun indar guztien baliabideak indartuko dituela jihadismoaren kontrako borrokan. Ohartarazi duenez, susmagarri guztiak kanporatzeak ez du eraginik izango, eta finago jokatzea defendatu du, Le Penen orokortasunen kontra.

Bestalde, Macronek "ohiko delinkuentziaren aurrean zero tolerantzia" izango duela hitzeman du, eta Le Penek proposamen propioarekin erantzun dio: "Zero tolerantziak esan nahi du krimen eta delitu bakoitzak zigorra izango duela". Izan ere, Le Penek ez du begi onez jotzen orain kartzela-zigorrak "besokoekin" edo "epaitegietara bisitak eginda" ordezkatu ahal izatea.

Europaren zereginaren inguruan ere agerikoak izan dira bi hautagaien arteko desadostasunak. Le Penek berretsi du bere ideia "benetan subiranoak diren herrialdez" osatutako Europar Batasuna sortzea dela, eta horretarako beharrezko ikusten du, besteak beste, Frantziak migrazioaren kontrola izatea, merkataritza politika erabakitzea eta moneta propioa edukitzea. Le Penek aurreikusten duen "dibisa gerra"ren aurrean, Macronek "euro eta politika europar indartsuak" aldarrikatu ditu.

Atzerri politikari dagokionez, Macronek "bakea eraikitzeko gai den Frantzia"ren alde egin du, lagun europarrekin eta Donald Trump AEBko presidentearekin lankidetza sustatuta. "Frantzia soilik errespetatuko dute Frantzia izaten jarraitzen badu", erantzun du Le Penek, Alemaniarekiko otzantasuna kritikatu aurretik. "Gertatzen dena gertatzen dela, emakumezko presidentea izango du Frantziak", esan du Le Penek, Macronek irabaziz gero Merkelek aginduko duela iradokiz.

Iraintzera ere iritsi dira bi hautagaiak. Le Penek esan du Macron "globalizazioaren hautagaia" dela, eta frantziarren erosteko ahalmena txikituko duela. Macronek gezurtitzat jo du hautagai ultraeskuindarra: "Zure estrategia bakarra gezur sorta handi bat esatea eta gaizki doan guztia errepikatzea da".

Macron, sinesgarriena, ikus-entzuleen arabera

Macron izan da hautagairik sinesgarriena eztabaidan, aurrez aurrekoaren ondotik argitaratutako inkesta baten arabera.

Hortaz, Macronek arrakasta lortu du ikus-entzuleen artean, baita Jean-Luc Melenchon hautagai ohiaren jarraitzaileen artean ere.

Hala, Elabek BFMTV telebista-katearentzat egindako inkestaren esanetan, publikoaren % 63ren ustean, Macron izan da sinesgarriena. Aldiz, Le Penen hitzaldia sakonagoa izan da, % 34ren iritzian.

Fronte Nazionalaren presidentegaiaren jarraitzaileen % 12k ere uste du Macron sinesgarriagoa izan dela; edonola ere, % 85 Le Penen alde agertu da. Macronen jarraitzaileen % 3k Le Pen jo du garailetzat.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena