Mundua
Frantziako hauteskundeak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hollanderen Gobernuan Ekonomia ministro izandakoa Eliseora iritsi da, "En Marche!" (Martxan) anglosaxoi estiloko mugimendu liberalak hauspotuta.
Macron
Ekonomia ministro ohiak, Emmanuel Macronek, 39 urte ditu, eta 1958an Frantziako V. Errepublika ezarri zenetik inoiz izan den estatuburu gazteena da.
Orain dela urtebete, Ekonomia ministroa ia ezezaguna zen, eta liberalizazio txiki bat eragin zuen lege bat besterik ez zuen egin. Adierazpen desegokiak egiteagatik nabarmentzen zen, eta ez herrialdeko diru-kutxetan zuen eraginagatik.
2014ko abuztuan Gobernu sozialistan sartu zenetik ahots propioa izatea bilatu zuen Macronek.
Funtsezko gaietan ideia propioak babestu zituen; François Hollande presidenteak bultzatu eta Parlamentuak onartu ez zuen Konstituzioaren erreformaren aurrean, esaterako. Horren bidez, terrorismoagatik kondenatutakoei frantziar herritartasuna kendu nahi zien Hollandek, Macron iritzi berekoa izan ez arren. Parlamentuak, baina, esan bezala, baztertu egin zuen Hollanderen asmoa.
Bereizitako profil baten bila ibili da Macron, Alderdi Sozialistaren eskuinaldean baina kontserbadoreetatik aldentzen duten ñabardura sozial eta kosmopolitak izanik. Horrek Frantziako politikan izaki arraro bihurtu du Macron: anglosaxoi estiloko liberal bat.
Eskuinetik, ezkerretik eta erdialdetik elikatzen da, lotsarik gabe. Azaltzen zaila den ideologia du, eta alderdi tradizionalen gaitzespena eragiten du horrek.
Frantzia iparraldeko Amiens udalerriko bi medikuren semea da Macron, eta Administrazioaren Eskola Nazionalean ikasi zuen. Estatuan kargu garrantzitsuak dituzten hainbatekin ikasi zuen bertan.
Ikasketak amaitu ondoren, finantza-ikuskatzaile gisa hasi zen lanean, 2008an Rothschild negozioen bankuaren eskutik enpresa pribatuan sartzeko aukera izan aurretik. Azkenean, bazkide bihurtu zen.
Bankari lanetan ibili zenean, François Hollanderen Presidentetzarako hautagaitzan ere parte hartu zuen.
"Politika droga gogorra da" pentsatuta, 2012an sartu zen Eliseo Jauregian Hollanderekin, alboko idazkari nagusi gisa, eta presidente sozialistak bultzatutako lehen erreforma ekonomikoen arkitektoa izan zen.
Hauteskunde batzuetan inoiz kargurik lortu ez izanak Manuel Vallsen lehen gobernuan Aurrekontu ministro izateko hautagaitzatik kanpo utzi zuen 2014ko martxoan. Bost hilabete geroago, Ekonomia Ministerioaren ardura hartu zuen bere gain, Arnaud Montebourg ezkertiarraren eskutik.
Iaz, "En Marche!" (Martxan) mugimendu politikoa sortu zuenean, argi gelditu zen erronka horri bakarrik ekin nahi ziola. Mugimendu hori Ameriketako Estatu Batuetan Barack Obamak egindako kanpainan dago oinarrituta, eta presidenterako hautagai izango zela iragarri zuen, abuztuan Gobernuan zuen kargua utzi ondoren.
Musikari trebea da (sari ugari irabazi zituen Amiensko kontserbatorioan pianoa jotzen) eta filosofia irakurtzea gustatzen zaio. Horren ospeak gora egin zuen, eta couché paperera heldu zen, emaztearekin, Brigitte Trogneuxekin, izan zuen amodiozko istorio bitxiarengatik. Trogneux Macronen irakaslea izan zen Institutuan, eta hura baino 24 urte zaharragoa da.
Trogneuxek Macronengan eragin handia duela onartu dute horien ingurukoek, eta hedabideen aurrean hartzen dituen erabakietan jarrera aktiboa duela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa