Mundua
Venezuela
EITB.EUS
Auzitegi Gorenaren eta Asanblea Naizionalaren arteko gatazka ari da bizitzen herrialdea 2015eko abenduko hauteskundeetatik.
Venezuelako Asanblea Nazionalaren egoitza. Argazkia: EFE
Venezuelako Auzitegi Gorenak oposizioaren kontrolpean dagoen Asanblea Nazionalaren eskumenak hartu ditu, "desobeditzen" jarraitzeagatik. Hainbat epai ez betetzeagatik egotzi zion Botere Judizialak Ganberari desobeditze hori.
Oposizioak "Estatu kolpetzat" hartu du erabakia, eta nazioartearen zati handi batek eskatu du Ganberak botereak berreskuratzea. Chavismoaren alde dagoen Venezuelako fiskal nagusiak, Luisa Ortegak, ere epaiak "agindu konstituzionala haustea" dakarrela adierazi du. Gobernuak, berriz, salatu du oposiziotik "Zuzenbide Estatuaren eta agindu konstituzionalaren kontra" egin nahi dutela.
Botere legegilearen eta judizialaren arteko egungo gatazkak 2015eko abenduko hauteskundeetan du jatorria. Horietan, oposizioak gehiengoa lortu zuen, Hugo Chavez orain dela hamarkada bat baino gehiago presidente atera zenetik lehenengoz.
Hauteskunde horien ostean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen oposizioko hiru diputaturen (Julio Ygarza, Nirma Guarulla eta Romel Guzamana indigenak) kargu-hartzea, hauteskunde iruzur salaketa batzuk ikertu arte. Nolanahi ere, Asanbleak epaia desobeditu zuen, eta hiru diputatuek kargua hartu zuten.
Hori dela eta, 2016ko urtarrilaren 5ean "desobeditzea" egotzi zion Gorenak Ganberari. Hiru diputatuek karguetan jarraitzen zuten bitartean, Ganberaren erabakiak baliogabekoak izango zirela ere abisatu zion.
Hiru diputatu horien egoera gai garrantzitsu da; izan ere, hiru ordezkari horiekin, oposizioak Ganberako bi herenen gehiengoa izango luke. Botere eta atribuzio berriak eskainiko zion horrek, besteak beste lege organikoak onetsi edo baztertzeko, Konstituzioa erreformatzeko eta Auzitegi Goreneko epaileak aldatzeko.
Hidrokarburoen legea: Gorenaren erabakiak badu kutsu ekonomikoa ere
Testuinguru honetan, Asanblea Nazionalaren eskumenak hartzeko erabakia interpretazio-epai baten ondoren da. Lau diputatuk Konstituzioaren eta Hidrokarburoen Lege Organikoaren artikulu batzuk interpretatzeko eskatu zioten lau abokatuk Gorenari.
Artikulu horien arabera, enpresa mistoak eratzeko Asanblea Nazionalaren baimena behar du aldez aurretik Gobernuak.
Hidrokarburoen Legeak dioenez, Parlamentuak gai horren inguruan proposatutako baldintzak aldatu edo bere ustez beharrezkoak direnak sortu ahal izango ditu. Ondorengo edozein aldaketak ere Ganberaren onespena ere jaso behar du.
Hala ere, Exekutiboak enpresa mistoak sortzeko eragozpenik ez dagoela esan du Gorenak, eta Areto Konstituzionalari "konstituzio horren egoera bereizleak eta baldintza guztien berri eman" behar diola zehaztu du.
Gainera, Auzitegi Gorenak azpimarratu duenez, Parlamentuak ezin izango du ez proposatutako baldintzak aldatu, ez beste baldintzak sortu.
Labur esanda, Gorenak erabaki duenez, Ganberak "desobeditzen" jarraitzen duenez, ez da Asanblea Nazionalaren onespena behar Gobernuak petrolio-enpresa mistoak (Venezuelako Estatuak eta enpresa pribatu zein nazioartekoak elkarrekin sortutako konpainiak) sortzeko.
Erreakzioak Venezuelan eta nazioarteko komunitatean
Gorenaren erabakia ezagutu ondoren, Freddy Guevara Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteordeak Gutun Demokratikoaren mekanismoa berehala aktibatzea eskatu du, "Estatu kolpe" gisa hartu baitu erabakia.
"Estatu kolpea da, eta nazioarteko herrialde guztiak erabaki horren kontra agertu behar dira, Venezuelan kalera irten eta protesta egiten dugun bitartean", esan du politikariak.
Guevararen esanetan, Venezuelan diktadura ezartzea prestatzen ari dira, eta Auzitegi Gorenak oposizioari eskumenak kentzeko hartutako erabakia asmo horren adibide bat gehiago dela esan du.
Asanblea Nazionalak epaia idatzi duten Auzitegi Gorenaren Areto Konstituzionaleko magistratuak salatuko ditu, eta manifestazioak iragarri ditu.
Era beran, Gorenaren neurriak "konstituzio ordena" hausten duela ziurtatu du chavismoaren alde dagoen Venezuelako fiskal nagusiak, Luisa Ortegak.
"Bakea bermatzen duten bideak hartu behar ditugu, oztopoak gainditu eta herritarrei etengabe exijitzen diguten bizi-kalitatea eman ahal izateko", eskatu die fiskalak aktore politiko guztiei. Horrez gain, Karibeko herrialdearen barne gaietan esku sartzea onartu ezin dela ere esan du, eta horiek Venezuelako instituzioek eta aktore politikoek konpondu behar dituztela ere bai.
Kolonbia, Brasil, Argentina, Txile, Mexiko, Panama, Peru, Costa Rica eta Ameriketako Estatu Batuak Venezuelako Gorenaren erabakiaren kontra agertu dira, eta Bolivia eta Nikaragua, berriz, Venezuelako Gobernuaren alde.
Europar Batasuak eta NBEk Gorenak hartutako erabakiarengatik kezka erakutsi dute.
Horrez gain, Luis Almagro Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) idazkari nagusiak Venezuelako egoerari buruzko "premiazko" bilera bat deitzeko eskatu dio Batzorde Iraunkorrari, Venezuela erakundetik kanporatzea aztertzeko. Almagro bitan saiatu da Venezuela kanporatzen, baina orain arte ez du gehiengoa lortu horretarako.
Bestalde, Venezuelako Gobernuak esan duen arabera, 'gezurra' da Estatu kolpea eman izana, eta "eskuineko gobernu intoleranteen" aldetik "erasotzat" jo duena "gaitzetsi" du.
"Estatu Departamentuak eta Ameriketako Estatu Batuek, eskuineko gobernu intolerante eta inperialismoaren aldekoek egindako erasoa gaitzetsi du Venezuelak. Datu faltsuekin eta bidegabekeriekin Venezuelako Zuzenbidezko Estatuaren eta agindu konstituzionalaren kontra egin nahi dute", irakur daiteke idatzian.
Krisi instituzional eta politiko horrek, krisi ekonomiak jota duten herrialde horren giroa gehiago astindu du. Elikagai eta sendagai eza du eta inflazioarengatik larri dago Venezuela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa