Mundua
Erresuma Batua EB-tik kanpora
agentziak | erredakzioa
Sinatu duen gutuna, Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatzea eskatuz, Europako Batzordeko presidenteari igorriko dio. Prozesua 2019ko martxoaren 29an bukatuko da.
May, Downing Streeteko egoitza, gutuna sinatzen. Argazkia: Erresuma Batuko Gobernua
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
Theresa May lehen ministro britainiarrak 'brexit'a -Erresuma Batua EBtik irteteko prozesua- abiaraziko duen gutuna sinatu du dagoeneko, hedabideek zabaldu dutenez.
Eskutitza Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteari igorriko diote Bruselan, Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatzea eskatuta.
Erresuma Batuko Gobernuak zabaldutako irudian ikus daitekeenez, gobernuburua Downing Streeteko 10. zenbakiko egoitzan agertzen da, gutuna sinatzen ari dela eta atzean bandera britainiarra duela.
Aurreikusi dutenez, eskutitza gaurko 13:30 aldera entregatuko dio Tim Barroy Erresuma Batuak EBn duen enbaxadoreak Tuski. Horrezkero, Mayk deklarazioa egingo du Parlamentuan eta, hitzaldian, EBtik irteteko negoziazioak abiatutzat emango ditu.
Era berean, May Gobernuarekin biltzea espero dute, Parlamentura joan baino lehen.
Gainera, Bruselarekin negoziatuko duen bi urteetan, Mayk "Erresuma Batuko pertsona bakoitza" eta EBko kide direnak ordezkatzeko emandako hitza azpimarratzea espero da, hedabideek aurreratu duten hitzaldiaren arabera.
May, agiri historikoa sinatzen. Argazkia: EFE
"Herrialde honetako pertsona bakoitzarentzat akordio egokia lortzea da nire erabaki irmoa. Egiteko daukagun bide garrantzitsu honen aukerei aurre egiten diegun bitartean, gure balore, interes eta nahiek bat egin gaitzakete, eta behar dute", azpimarratuko du lehen ministroak.
"Harro egoteko moduko historia eta etorkizun itxaropentsua duen pertsona eta nazioen batasuna gara. Eta EBtik alde egiteko erabakia hartu eta gero, bat egiteko ordua da", gaineratuko du.
Gutuna entregatzen dutenean, EBtik irteteko prozesuaren atzera kontua abiaraziko da eta, aurreikusi dutenez, 2019ko martxoaren 29an bukatuko da ibilbidea, negoziazioak bukatzen dituztenean.
Bestalde, Tuskek ere deklarazioa egitea espero da, baina bihar. Europako Batzordeko presidenteak, halaber, Erresuma Batuko negoziazioen ildoen zirriborroa bidaliko die EBko 27 kideei.
Ildoak, edonola ere, Bruselan apirilaren 29an egitekoa den 27en bileran zehaztuko dituzte.
Erresuma Batuak, hala EBren kide izateari uzteko prozesua martxan jarriko du gaur, britainiarrek horren alde bozkatu zutelako, iazko ekainaren 23an.
ekainaren 23an.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa