Mundua
Independentzia
agentziak | erredakzioa
Sturgeonek ziurtatu duenez, data aproposa izan liteke, "akordio garbi baten oinarria egin eta Erresuma Batuak EBtik alde egin" ostean.
Salmond eta Sturgeon, artxiboko argazki batean. Iturria: EFE
Nicola Sturgeon SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren buru eta Eskoziako lehen ministroak asteazken honetan esan duenez, 2018ko udazkena data egokia izan liteke independentziari buruzko bigarren erreferenduma egiteko, herritarrek herrialdearen estatusaren gainean iritzia eman dezaten, Erresuma Batuak Europar Batasunetik alde egin eta gero.
BBC telebistan egindako elkarrizketa batean, datorren urteko udazkena kontsulta egiteko data egokia litzatekeen galdetuta, honakoa erantzun du Sturgeonek: "Aukeren artean, akordio garbi baten zirriborroa egin eta Erresuma Batua EBtik irtendakoan, hori zentzuzko data litzateke Eskoziak erabaki bat hartzeko".
"Ez dut ezer baztertzen, baina gai horrekin aurrera egiten jarraituko dut, nire ustez herriarentzat egokia izango den bidetik", gaineratu du BBCk ostegun iluntzean 'Brexit'ari buruzko dokumental bat kaleratuko duela-eta eskaini duen elkarrizketan.
Eskoziako lehen ministroak berretsi du ez dutela oraindik erabakirik hartu kontsultaren inguruan, baina urrian esan zuen aukera asko dagoela "2020a baino lehen" egiteko.
Halaber, Edinburgon duela gutxi egindako hitzaldi batean, Sturgeonek bigarren erreferenduma egiteko beharra azpimarratu zuen, Eskoziako interesak babestu ahal izateko.
2014ko irailean, eskoziarren % 55ek Erresuma Batuan geratzearen alde egin zuen (Erresuma Batutik ateratzearen alde egin zuten gainerako % 45ek), baina, gero, SNPk garaipen handia lortu du Londresko Parlamenturako hauteskundeetan, eta eskoziarren % 62k Europar Batasunean jarraitzearen alde egin zuten. Horrek independentismoa suspertu du eskoziarren artean, Europaren aldekoak baitira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa