Mundua
Bilera
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko lehen ministroa izan da nazioarteko gobernuburuen artean presidente berriarekin biltzen lehenengoa.
Bideoak (1)
AEB eta Erresuma Batuaren arteko harremana inoiz baino indartsuagoa dela esan du ostiral honetan Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Erresuma Batuko lehen ministroa izan da nazioarteko gobernuburuen artean presidente berriarekin biltzen lehenengoa.
“Erresuma Batua aske eta independentea izatea bedeinkapen bat da munduarentzat, bi herrialdeen arteko harremana inoiz ez delako horren indartsua izan”, ziurtatu du Trumpek bien arteko bileraren ondoren egindako agerraldian.
Donald Trumpek urtarrilaren 20an hartu zuen AEBko presidente kargua, eta Theresa May izan da nazioarteko gobernuburuen artean presidente berriarekin biltzen lehenengoa.
Theresa Mayk Donald Trump zoriondu du, AEBko hauteskundeetan lortutako “garaipen ikaragarriagatik”, eta bi herrialdeen arteko harremana sendotzeko balio izan duen aurreneko bilera dela nabarmendu du. Ildo horretatik, aurrerantzean bilera gehiago egingo dituztela ziurtatu dute.
Bilera horretan lantzeko aurreikusita zituzten gaiez gain, NATOri buruz hitz egiteko tartea hartu dutela azaldu du Theresa Mayk, eta biek ala biek erakundea babesten dutela esan du Mayk, azken hilabeteotan gogor kritikatu badu ere. AEBko hauteskunde kanpainan erakunde hori “zaharkituta” zegoela ziurtatu zuen Trumpek, eta joan den astean ideia hori berretsi zuen.
“NATOk gure herritarrak defendatzen dituen erakundea da, eta aitorpen horrekin bat egiten dugu biok. Gaur, NATOrekin dugun konpromisoa berretsi dugu”, esan du Theresa Mayk.
Erresuma Batuko lehen ministroak aipamena egin dio kanpo politikari, eta Sirian eta Iraken Estatu Islamikoari aurre egiteko nazioarteko herrialde guztiek bat egiten dutela azpimarratu du.
Beste alde batetik, ustezko terroristei egiten zaizkien galdeketetan tortura erabiltzearen alde dagoela esan du AEBko presidente berriak, baina azken hitza Defentsa idazkariak hartuko duela nabarmendu du.
Halaber, Errusiarekin ondo konpondu nahi duela berretsi du Trumpek, baina Obamaren garaian ezarritako zigorrak kentzeko goiz dela gaineratu du. Ildo horretatik, Theresa Mayk esan du Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak indarrean jarraitu behar dutela.
Bien arteko bileraren ondoren, Donald Trumpek Isabel II.aren gonbidapena onartu duela jakinarazi du Theresa Mayk, eta AEBko presidente berria laster Erresuma Batura joango dela esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa