Mundua
nazioarteko harremanak
agentziak
% 20rainoko zergak aipatu dituzte presidente estatubatuarren ordezkariek. Mexikok dio harresia AEBko hiritarrek ordainduko luketela, garbigailuak, telebistak etab. garestiagoak liratekeelako.
Astebete egingo du gaur Trumpek AEBko Presidentetzan. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidenteak zergak ezarri nahi ditu Mexikok egiten dituen inportazio guztietan, mugan egin nahi duen harresia ordaintzeko, hala adierazi du Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaleak. Hasieran % 20koak izango liratekeela esan badu ere, beranduago txikiagoak ere izan daitezkeela argitu du.
Spicerren esanetan, dagoeneko Trumpek hartutako erabakia da, eta Kongresuan negoziatu nahi duen erreforma fiskalaren zati bat litzateke.
Halere, Spicerrek kazetariak deitu ditu adierazpenak egin ondoren, % 20ko tasa presidente berriak eskuartean dituen "aukeretako bat baino" ez dela argitzeko.
"Kontua ez da zehaztasunak ematea, oraindik ez gaude puntu horretan. % 20koa beharrean, % 18koa edo % 5ekoa izan liteke (?) Hasierako faseetan gauden oraindik", gaineratu du.
Gainera, zera berezi hori ezingo da berehala ezarri, Ipar Amerikako Merkataritza Askearen Ituna indarrean dagoelako. Akordioa AEBk, Kanadak eta Mexikok sinatu zuten, orain dela 20 urte baino gehiago.
Bestalde, Spicerrek azaldu du Estatu Batuak defizita duela Mexikorekin eta adibide bat aipatu: 50.000 milioi dolarri % 20ko zerga ezarriz gero, 10.000 milioi dolar bilduko lituzkete urtean, eta "erraz ordainduko litzateke harresia, tresna horren bidez".
Egun, AEB eta Mexikoren arteko defizita 60.000 bat milioi dolarrekoa da, hortaz, zerga ezarriko balute, 12.000 milioi dolar jasoko lituzkete, baina Mexikoren inportazio guztiek 295.000 milioi dolar mugitzen dituzte guztira.
Mitch McConnell eta Paul Ryan Senatuko eta Ordezkarien Ganberako buru errepublikanoek, hurrenez hurren, zehaztu zuten 12.000 eta 15.000 milioi dolar inguru kostatuko lukeela 2.000 kilometro inguruko harresia eraikitzea.
Bozeramalearen arabera, "seguruenik" AEB izango da beste nazioek egindako inportazioetan zergak ezartzen ez dituen eta "joan-etorri askea" izatea ahalbidetzen duen bakarra, eta hori "inozokeria" da.
Trumpek krisia eragin du Mexikorekin, murrua beste herrialde horrek ordaintzeko mehatxuengatik, eta, gainera, Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentearekin egitekoa zen bilera bertan behera uztea eragin du.
Harresia estatubatuarrek ordainduko dute
Mexikok Washgintonen duen Enbaxadatik, Luis Videgaray Mexikoko Kanpo Harremanetarako idazkariak erantzun du zerga horren bidez estatubatuarrek ordainduko lukete murrua.
"Estatu Batuen inportazioei zerga bat ezartzea ez da Mexikok harresia ordaintzeko modua, baizik eta kontsumitzaile estatubatuarrak ordainduko luke, atzerritik ekarritako ahuakateak, garbigailuak eta telebistak garestiago ordainduta", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa