08:14

Mundua

AEB

Donald Trumpek 'gerra deklaratu' die hedabideei

Agentziak | Erredakzioa

Hauteskunde-kanpainan komunikabideekin hasitako 'guda'ri eutsiko diola adierazi du AEBko presidenteak CIA agentziaren egoitzan egindako agerraldian.

1:22
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trump AEBko presidente berriak bakeak egin zitun inteligentzia zerbitzuarekin CIA agentziaren egoitzara larunbatean egindako bisitan, hedabideei "gerra" deklaratzeaz gain.

Washingtonen bere aurka egindako "Emakumeen Martxa" jendetsuari dagokionez, Twitter bidez erantzun die parte hartzaileei, hauteskundeetan ez zutela bozkatu leporatzeko:

500.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten Washington, AEBko hiriburua, "Trumpek arriskuan jartzen dituen eskubideen alde". AEBko 670 hiritan eta munduko beste 70etan ere egin zituzten manifestazioak, milioika pertsona bilduta. Ez Trumpek ezta haren taldeko inork ez zuen ezer esan ekimen horiei buruz.

Presidentea Langleyn (Virginia) izan zen, CIAren egoitza bisitatzeko. Trumpek herrialdeko espiotza-zerbitzuarekin izandako harremana nahiko tirabiratsua izan da azken asteotan. Izan ere, buruzagi errepublikarrak ez zituen onartu Trumpi hauteskundeak irabazten laguntzeko Errusiak antolatutako zibererasoak. CIAk eta FBIk, berriz, eraso horiek berretsi zituzten.

Trumpek mezu garbia helarazi zion inteligentzia arlo osoari: "Nire babesa duzue, benetan", adierazi zuen.

Hebabideei "gerra" deklaratu die

CIAtik egindako agerraldian, Trumpek ere argi utzi zuen hauteskunde-kanpainan komunikabideekin izandako "gerra"ri eutsi egingo diola aurrerantzean ere. Horrez gain, ostiraleko kargu-hartze ekitaldian izandako jende-kopuruari buruz gezurra esatea leporatu zien hedabideei.

Kazetariak "Lurreko gizaki zantarrenetakoak dira", esan zuen hitzaldian. Izan ere, kargu-hartze ekitaldian milioi bat eta milioi bat eta erdi pertsona zeudela "zirudien" arren, hedabideak "inor ez zeuden tokiak" erakusten ahalegindu zirela salatu zuen.

Lehen bilerak egiten hasiko da

Ostiral honetan, urtarrilak 27, Donald Trump Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin bilduko da. Izan ere, agintari britainiarrak Estatu Batuetara bidaia egingo du, eta Etxe Zurian hartuko du Trumpek. Horrez gain, Enrique Peña Nieto presidente mexikarrarekin urtarrilaren 31n batzartuko dela iragarri du.

Bestalde, Benjamin Netanyahuk, Israelgo lehen ministroak, Donald Trumpi telefonoz deituko diola esan du, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaz, Siriako gerraz eta Iranen programa nuklearrari buruz hitz egiteko, batez ere.

Trumpek NAFTA Mexikoko eta Kanadako buruekin negoziatuko du berriro

Donald Trumpek iragarri duenez, Ipar Amerikako Merkataritza Librearen Hitzarmena Mexikoko eta Kanadako buruekin negoziatuko du berriro. Duela bi hamarkada sinatu zuten hiru herrialdeek.

Hauteskunde-kanpainan Trumpek egin zuen promesetako bat izan da hori.

Etxe Zurian egindako ekitaldian, presidenteak adierazi du NAFTA Enrique Peña Nieto Mexikoko agintariarekin (urtarrilaren 31n izango dira batera) eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin negoziatuko du berriro ere. Laster bilduko da azken honekin.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena