Mundua
Frantziako hauteskundeak
Agentziak | erredakzioa
Ez du primarioak irabaztera eraman zuen bere programa leuntzeko asmorik, apirilaren eta maiatzaren artean egingo den hauteskunde kanpainari begira.
François Fillon. Argazkia: EiTB
François Fillon Frantziako presidente izateko hautagai kontserbadoreak "eskuindarrak eta abertzaleak" diren bere printzipioak berretsi ditu, nahiz eta kritikak jaso dituen horiengatik. Gainera, baieztatu duenez, muturreko bere proposamenekin bakarrik atera ahalko da Frantzia "ezkerrak murgildu duen dekadentziatik".
Presidentegaia izateko hautagaitza onartzeko ekitaldian egindako agerraldian azaldu duenez, ez du duela bi hilabete primarioak irabaztera eraman zuen bere programa leunduko, apirilaren eta maiatzaren artean egingo den hauteskunde kanpainari begira.
Bere asmoen artean daude, besteak beste, Estatuaren eskumenak murriztea, ekimen pribatua sustatzea erabateko enplegua lortzeko (bere lehentasun nagusia) eta "hamar urteren buruan Frantzia Europako potentzia nagusiena bihurtzea".
Immigrazioaren aurkako borrokan ere irmo jarraitzen du, "gutxienera" murriztu nahi baitu. Bere asmoa da Frantziako lan-merkatuak behar dituenak sar daitezela besterik ez; horrez gain, sartzen den orori "lan egitea, frantsesa egitea eta herrialdeko legeak errespetatze eskatuko zaio".
Inkesten arabera Frantziako presidente izateko faborito nagusiena denaren iritziz, herrialdeak egun bizi duen egoeratik ateratzeko ez dute balioko "erdibideko neurriek", baizik eta "erabateko norabide aldaketa" beharko da.
Frantziaren egungo egoeraz ikuspegi iluna agertu du Fillonek: 6 milioi langaberekin, "herrialdearen prekarizazioa geldiarazteko balio ez duen hazkuntzarekin", izugarrizko zorrarekin eta muturreko politikaren aurrerapausoekin.
Nazioarteko egoeraz ere antzeko iritzia azaldu; izan ere, "geldi dagoen Europa" eta "totalitarismo islamistaren mehatxua" antzematen baititu.
Vladimir Putinen gertukoa izatea leporatu diote askotan, eta horren aurrean adierazi du nazioarteko politikan izango duen bere interes bakarra "Frantzia defendatzea" izango dela.
Alabaina, Errusiarekin "elkarrizketa zintzoa" izatearen aldekoa da, eta, aldi berean, Frantziaren independentzia defendatuko duela hitzeman du, nahiz eta horrek AEBri aurka egitea ekarri.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa