Mundua
Lehen elkarrizketa A-8tik
Agentziak | Erredakzioa
Trumpek esan du uko egingo diola AEBko presidente gisa dagokion soldatari eta "ondo" iruditzen zaiola sexu berekoen arteko ezkontzak egitea, eta etorkinak kanporatuko dituela berretsi du.
Albisteak (5)
Bideoak (1)
Donald Trump AEBko presidente hautetsiak esan duenez, hausnarketa egiten ari da Hillary Clinton e-mailen eskandaluagatik ikertzeko aukeraren inguruan, ez dituelako "kaltetu" nahi ez hautagai demokrata ezta Bill Clinton senarra ere.
"Berriz pentsatuko dut, ez ditut kaltetu nahi", adierazi du Trumpek Lesley Stahl kazetariak CBSk ekoitzitako "60 minutu" saioan egindako galderei erantzunda. Azaroaren 8an hauteskundeak irabazi zituenetik, lehen aldiz agertu da Trump telebistan.
"Lanean buru-belarri sartu nahi dut, osasun arretan, mugan eta immigrazioan, eta immigrazio legearen proiektu ona egin. Immigrazio lege on bat nahi dugu", esan du presidente hautetsiak, bere gobernuaren lehentasunak azaldu dituenean.
Bestalde, Trumpek adierazi du uko egingo diola presidente gisa dagokion 400.000 dolarreko soldatari, eta dolar bakar bat jaso duela iragarri du, hori baita legeak ezartzen duen gutxienekoa.
"Uste dut dolar bat onartu behar dudala, hortaz, dolar bakarra onartuko dut urtean. Baina, egia esanda, ez dakit zenbatekoa den soldata. Ba al dakizue zenbatekoa den?", galdetu du Trumpek Lesley Stahl kazetariak egindako elkarrizketan. AEBko presidenteak legez 400.000 dolarreko soldata duela erantzun dio kazetariak.
"Ez, ez dut kopuru hori onartuko, ez dut jasoko", ziurtatu du Trumpek. Presidente hautetsiak dirutza egin zuen telebista-saioekin, hotelekin, kasinoekin eta higiezinen negozioekin.
Horrez gain, Trumpek esan du "dagokionean" ezagutaraziko duela errenta aitorpena, eta hauteskunde-kanpainan ez publikatzeko erabakia defendatu du, hori baita ohitura AEBn orain dela hainbat hamarkada presidentegaien artean.
Bestalde, Trumpek adierazi du "ondo" sentitzen dela Auzitegi Gorenak sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatzeko hartu duen erabakiarekin. Abortuari dagokionez, baina, Trumpen iritzian, estatuek izan beharko lukete horren inguruko eskumena, ez Gobernu Federalak, gaur egun bezala.
Halaber, Trumpek hispanoen, afroamerikarren eta LGTB kolektiboko kideen aurkako erasoak bertan behera uzteko eskatu du, azken egunotan hiru kolektibook erasoak pairatu izana salatu ostean.
"Hori entzuteak goibeldu egiten nau. Nik zera esaten diet: Gelditu zaitez! Laguntzen badu, esango dut, kamerei begira: Gelditu zaitez!". Trumpek hainbat kritika jaso zituen hauteskunde-kanpainan, bere hitzaldiek eragindako indarkeriazko gertaeren aurrean ez zuelako esku hartu.
Azkenik, "iragan kriminala edo aurrekari penalak dituen jendea eta narkotrafikatzaileak herrialdetik kanporatu edo kartzelatu egingo ditugu", berretsi du.
Trumpen esanetan, litekeena da AEB eta Mexiko arteko hormako zenbait zati segurtasun-hesi gisa erabiltzea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa