Mundua
Omenaldia
Agentziak | Erredakzioa
Hollande, Valls eta Hidalgo goizetik aritu dira biktimak omentzeko antolatutako ekitaldietan parte hartzen, erasoak egin zirela urtebete igaro denean.
François Hollande Frantziako presidenteak omenaldia egin zien atzo, igandea, orain dela urtebete, 2015eko azaroaren 13an, Parisko atentatuetan hildako biktimei.
Saint-Denis estadioaren atarian hildako pertsona bakarraren (Manuel Dias autobus-gidari portugaldarra) omenez egindako plaka aurkeztu zuen Hollandek. Frantziak eta Alemaniak jokatu zuten partida ikustera zihoazen zenbait zale utzi berri zituen futbol-estadioan, eta une horretan lehergailuz betetako gerriko bat zeraman jihadista batek bere burua eztandarazi egin zuen.
Lehendabiziko biktima horren semeak zeremonia ofizialetan entzun ahal izan den mintzaldi bakarra eman zuen. Adierazi zuenez, ez du nahi bere aitaren oroitzapenak gorrotoz beteta egon daitezela, harengandik jasotako aholkuei jarraikiz. Aldarri argi batekin bukatu zuen bere esku-hartzea: "Gora tolerantzia, gora adimena, gora Frantzia!"
Ondoren, Frantziako Gobernuko ordezkariak Fontaine au Roi kalera joan ziren, Ala Bonne Biere kafetegitik hurbil, han hildako bost pertsonen ohorez aurkeztutako beste plaka bat aurkezteko.
Azkenik, Pariseko Bataclan aretoan eman zieten amaiera omenaldi ekitaldiei. Terroristek han hil zituzten pertsona gehien 2015eko azaroaren 13an.
Agintariek, oroitzapenezko hirugarren plaka erakutsi ostean, isilik entzun zituzten bertan izandako 90 biktimen izenak, haien senideak agurtu eta erasotzaileei aurre egitera sartu ziren segurtasun-indarrei euren lana eskertu aurretik.
Bataclaneko omenaldian zein gainerakoetan zorrotzak izan segurtasun-neurriak, eta, besteak beste, metrailetadun guardiek zaintzen zituzten hesiz beteta egon ziren, eta bertaratu den publiko urriak urrundik jarraitu behar izan zituen ekitaldiak.
Hedabideek ekitaldien irudiak zabaldu zituzten arren, omenaldi intimoak egin zituzten, agintarien eta biktimen senideen artean. Hollande presidenteaz gain, Anne Hidalgo Pariseko alkatea eta Manuel Valls lehen ministroa izan ziren ekitaldietan.
130 hildako
Bederatzi terroristak hainbat eraso egin zituzten 2015eko azaroaren 13ko gau hartan. Horietatik hiruk bere buruaz beste egin zuten eta Saint-Denis estadioaren atarian pertsona bat hil zuten. Beste hiruk, berriz, hiriko erdiguneko zenbait taberna eta jatetxetan zegoen jendearen aurka tiro egin zuten, eta 39 hiritar hil zituzten.
Bestalde, Bataclan kontzertu-aretoan ere sartu ziren, Eagles of Death Metal taldea jotzen ari zenean, fusilak eta leherkariak erabilita jendeari eraso egiteko. Ondorioz, 90 pertsona hil ziren. Larunbat honetan ireki dituzte berriz ateak, Sting abeslariaren kontzertu batekin.
n.
n.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa