Mundua
Aizkora eta labana batekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Poliziak tiroz hil du erasotzailea. Zaurituetako bi egoera kritikoan daude. Erasotzailearen etxean Estatu Islamikoaren bandera bat aurkitu dute, eskuz egindakoa.
Afganistango 17 urteko errefuxiatu batek lau pertsona zauritu ditu aizkora eta labana batekin tren batean, Würzburg hiritik gertu (Alemaniako hegoaldea). Zaurituetako bi egoera kritikoan daude. Poliziak erasotzailea tirokatu eta hil du.
Segurtasun indarrak erasoaren arrazoiak ikertzen ari dira, baina erasotzailea adingabea eta Afganistangoa dela baieztatu die Joachim Herrmann Bavariako Barne ministroak telebistei. Alemaniara bakarrik heldu zela erantsi du ministroak.
Ochsenfurt herriko aterpetxe batean bizi izan zen, errefuxiatu gisa, Würzburgetik 20 bat kilometrora, baina harrera-familia batekin bizi zen gaur egun.
Eraso islamista ote den galdetu diote agintariari. Gazteak bagoian "Allahu Akbar" (Ala handia da) oihukatu duela esan du lekuko batek, Barne ministroak zehaztu duenez, baina datua baieztatu beharra dagoela gaineratu du. Hala ere, harrera-familiaren etxean Estatu Islamikoaren bandera bat aurkitu dute, eskuz egindakoa.
Treuchtlingen eta Würzburg lotzen dituen linean gertatu da erasoa. Ustekabean, gazteak aizkora eta labana atera ditu, eta eraso egin die treneko bidaiariei.
20 bat pertsona zihoazen bagoian, gehienak turista txinatarrak, eta horietako batzuek Polizia Federala eta tren-gidaria ohartarazi dituzte. Trena Heidingsfelden geratu da, Würzburg herriko auzo batean.
Erasotzailea bagoitik atera eta ihes egiten saiatu da, baina Poliziaren indar berezietako komando bat zegoen inguruetan, eta tirokatu egin du, poliziei eraso egiten saiatu ondoren, ministroak emandako azalpenen arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa