09:19

Mundua

Erasoa Frantzian

Mundu osoko agintariek gaitzetsi dute Nizako atentatua

Agentziak | Erredakzioa

Frantziari laguntza eskaini diote Obamak eta Merkelek, eta terrorismoaren kontrako borrokan harekin daudela azpimarratu dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nazioarteak gogor gaitzetsi du bart Nizan (Frantzia) izandako atentatu jihadista, eta biktimekiko zein euren senitartekoekiko elkartasuna erakutsi du.

Balorazioa egiten lehendabizikoetakoa izan da Barack Obama AEBko presidentea. Nizako atentatua "eraso terrorista izugarria" izan dela esan du, eta Frantziari "behar duen laguntza guztia" eskaini dio, atentatua "ikertzeko eta arduradunak Justiziaren aurrera eramateko".

"Frantziari, gure aliatu zaharrenari, diogun elkartasuna eta aliantza bere horretan dago", erantsi du ohar batean.

Clinton eta Trump AEBko presidente izan daitezkeen hautagaiek ere gaitzespen mezuak bidali dituzte. Hillary Clinton Estatu idazkari ohiak adierazi duenez, "estatubatuarrok Frantziako herriarekiko elkartasun sendoa dugu, eta ozen diogu: ez gaituzte beldurtuko". Horren hitzetan, "ez diegu terroristei gure bizimoduaren oinarri diren berdintasun eta demokrazia baloreak urratzen utziko".

Hautagai errepublikanoak presidenteordetzarako hautagai nor proposatuko duen iragarri behar zuen ostiral honetan, baina atentatua dela eta, bertan behera utzi du iragarpena. Nizako "atentatu beldurgarria" deitoratu du, eta honakoa jarri du Twitterren duen kontuan: "Noiz ikasiko dute? Okerrera doa hau".

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere elkartasuna erakutsi dio Frantziari, eta terrorismoaren kontrako borrokan harekin dagoela azpimarratu du.

"Alemania Frantziarekin dago terrorismoaren kontrako borrokan, eta, zailtasunak zailtasun, borroka irabaztea lortuko dugu", esan du Merkelek Asia-Europa goi-bileran, Ulan Batorren, Mongoliako hiriburuan.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ere, "lankidetza" eskaini dio Frantziari. Terroristak eta horiei babesa ematen dieten pertsonak atzeman eta zigortzen laguntzeko prest agertu da, terrorismoaren kontrako borroka "orokorra eta batua" dela iritzita.

Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak nabarmendu du Frantziak euren laguntza guztia duela, eta EBk terrorismoaren kontrako borrokan konprometituta dagoela.

"Borrokan jarraitzeko gure erabakia irmoa da, gure batasuna bezain irmoa", adierazi du ohar batean Junckerrek.

NBEko Segurtasun Batzordeak gogor gaitzetsi du Nizako atentatu "basati eta koldarra". 15 herrialdek sinatutako adierazpenean nabarmendu dutenez, "ezein terrorismo ekintzek ez du justifikaziorik".

Mendeku ukitua izan dute Dimitri Medvedev Errusiako lehen ministroaren adierazpenek. Horren esanetan, "terrorismoak ez du mugarik. Indarra baino ez dute ulertzen terroristek eta euren babesleek, eta hori da, hain justu, horien kontra erabili behar duguna".

Marine Le Pen Frantziako Fronte Nazionaleko liderrak islamiarren kontrako bere aldarria egiteko baliatu du atentatua. "Frantzia izugarrikerian murgildu da beste behin. Fundamentalismoaren kontrako borrokari ekin behar diogu", esan du Twiterren.

n du Twiterren.

n du Twiterren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena