09:01

Mundua

ERRESUMA BATUA

'Brexit'aren kontrako ahotsak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Azken orduotan, eta galdeketarako hiru egunen faltan, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetearen kontra agertu dira publikoki hainbat buruzagi politiko, komunikabide eta enpresaburu.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

'Brexit'aren kontrako botoa emateko eskatu die, gaur, The Guardian egunkari britainiarrak bere irakurleei, editorialean. Ostegunean egingo den erreferendumean Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakiko dute Erresuma Batuko herritarrek.

Hedabide liberalak irakurleei igorritako mezuan nabarmendu duenez, EBtik irteteak ez du arazo bakar bat ere konponduko. Europar Batasunaren alde onak nabarmendu ditu editorialean The Guardianek.

"Pertsona libre bezala gure irudirik onena EBk irudikatzen du, bakean bizi den Europa batean. Eman botoa. Eman botoa batuta dagoen eta munduari begira dagoen herri baten alde, eta barrura begira bizi nahi duen nazio zatitu baten kontra", dio hedabideak, hitzez hitz.

Azken asteotan 'Brexit'aren kontra ahotsa altxatu duen hirugarren komunikabidea da. Ekainaren 16an, Financial Timesek egin zuen gauza bera, eta egun batzuk lehenago, The Sun egunkari sentsazionalistak.

Premier League

Richard Scudamore Premier League futbol txapelketa ezaguneko presidenteak ere, publikoki eskatu du 'Brexit'aren aurkako botoa, eurek bultzatzen duten ligaren filosofiaren guztiz kontrakoa litzatekeelako EBtik irtetea. Mundura zabalik dagoen eta munduari begira antolatutako txapelketaren "irekiera" ez dator bat, Scudamoren hitzetan, EBtik atera nahi izatearekin. Horren aurrean, liga ingeleseko presidenteak BBC Radio irrati-katean egindako adierazpenetan esan du "behartuta" dagoela 'Brexit'aren kontrako iritzia ematera.

Donald Tusk

Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak ere, 'Brexit'aren kontrako mezua zabaldu du, azken orduotan. Horren iritzian, 'Brexit'ak mendebalde osoa ahulduko luke.

"Buruzagi europarren izenean, britainiar guztiengana zuzendu nahi dut: gera zaitezte gurekin. Zuek gabe, Europa bakarrik ez, mendebalde osoa ahulduko da", esan du.

"Geroz eta zailagoak diren" etorkizuneko erronkei aurre egiteko, Europak batuta jarraitzea ezinbestekoa dela esan du Tuskek. Halaber, Europako erakundeak erreferendumaren emaitzei aurre egiteko prest daudela ziurtatu du.

> >

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena