Mundua
Erreferenduma ekainaren 23an
Agentziak | Erredakzioa
Azken inkesten arabera, Europar Batasunean geratzearen aldeko direnen kopurua apur bat igo da.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitu behar duen edo ez erabakitzeko erreferendumaren kanpainako azken egunak zukutzeari ekin diete bi aldeetako bozeramaileek. Jo Cox diputatu laboristaren hilketak astindu latza eman die batzuei zein besteei, eta, oro har, mezuen tonua dezente leundu dute. Hiru egunez kanpaina bertan behera egon da, eta atzo abiatu dute berriro.
Hala, egunkari britainiarrek igandeetan atera ohi dituzten ale berezietan ahalegin apartekoa egin dute aldekoek eta kontrakoek. David Cameron lehen ministro britainiarrak Daily Telegraph aukeratu du osteguneko erreferendumaren izaera "existentziala" aldarrikatzeko.
Batasunean geratzearen aldekoa da buruzagi kontserbadorea. Bertan azpimarratu duenez, britainiarrek erabakitzen dutenak "ez du atzera bueltarik izango", eta Erresuma Batua ezingo da berriro EBn sartu.
Cameronen iritzian, 'Brexit'aren alde bozkatzea "akats handia" izango litzakete, eta hamarkada bat iraungo duen "ziurgabetasuna" ekarriko du.
Jo Cox alderdikide eraila ere hartu du gogoan lehen ministro britainiarrak. Europar Batasunean geratzearen alde egitea Jo Cox diputatuak aldarrikatutako baloreen alde egitea izango litzateke, Cameronen aburuz.
41 urteko parlamentariaren hilketak shock handia eragin du herrialdean, eta Europaren inguruko eztabaidaren gai arantzatsuenak jorratzerakoan (immigrazioa eta ekonomia) batzuek zein besteek erabiltzen zuten tonua leuntzea ekarri du.
Coxen hilketaren eragina
Ikusteke dago Coxen hilketak oraindik ezbaian daudenei (% 10-12) eragiten ote dien. Izan ere, botoa erabakita dutenen artean eragin murritzagoa izango duela aurreikusi dute inkestek.
Oraindik gutxi dira Coxen erailketaren ostean egindako galdeketak. Bakan horien arabera, EBn geratzearen aukerak apur bat gora egin du. Opinium inkesta etxeak The Observer egunkariarentzat egindakoaren arabera, 10etik 8k esan dute botoa aldatzeko asmorik ez dutela. Ziur ez daudenen artean, gehiago dira geratzearen alde egingo dutenak (% 36), irtetearen aldeko apustua egiten dutenak baino (% 28).
Europarrek 'Brexit'aren inguruan duten iritzia ere galdetu dute egunotan. Gehiengoak (% 54) gurago du britainiarrak Europar Batasunean geratzen badira, baina ez dira 'Brexit'aren beldur.
Bertelsmann Fundazioak egindako inkestaren arabera, galdetutakoen % 21ek bakarrik nahi dute Erresuma Batua Europar Batasunetik kanpo. Herriz herri galdetuta, espainiarrek eta poloniarrek dute geratzearen aldeko jarrera zabalduena; herritarren % 64 eta % 65, hurrenez hurren. Italian eta Alemanian, berriz, herritarren % 55 eta % 54 dira aukera horren aldekoak.
orren aldekoak.orren aldekoak.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa