18:19

Mundua

Birstallen

Jo Cox sastatu eta tirokatu duten diputatu britainiarra hil egin da

agentziak | erredakzioa

Poliziak 52 urteko gizonezko bat atxilotu du. Cox Siriaren Lagunak talde parlamentarioko presidentekidea zen.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jo Cox diputatu laborista sastatu eta tirokatu egin dute kalean eta, bi orduz hilzorian egon ostean, hil egin da. Gertaera Birstall (Leedsetik gertu, Ingalaterran) hirian gertatu da gaur, osteguna. Horrezkero, Poliziak 52 urteko gizonezko bat atxilotu du, baina ez dute zabaldu zergatia.

"Gaurko 12:53ean, Poliziak dei bat jaso du, Market kalean -Birstallen- 40 urteko emakumezko batek larri zauriak zituelako eta oso larri zegoelako", esan du West Yorkshireeko Poliziak ohar baten bidez. Gainera, zehaztu dutenez, 40-50 urteko beste gizonezko bati zauri arinak eragin dizkiote.

Bertara jo duten agenteek "52 urteko gizonezko bat atxilotu dute", gaineratu du, atxilotuaren zehaztasunik eman gabe. Gainera, polizia gehiago bidali dituzte, bertoko bizilagunak lasaitzeko.

Cox -41 urte- 2015ean egindako hauteskundeetan aukeratu zuten lehen aldiz, eta Siriako Lagunak talde parlamentarioko presidentekidea da.

Gertatutakoaren gainean jasotako lehenengo datuen arabera, zenbait lekukoren testigantzatik abiatuta, gizon batek eztabaida izan du Coxekin eta, halako batean, kolpatu egin du. Ondoren, inguruan zegoen beste gizon bat laguntzen saiatu da eta erasotzailea emakumearengandik urrundu duenean, azken horrek arma bat atera eta tiro egin du.

Hiru tiro

Erasoa baino lehen, Coxek ekitaldi batean parte hartu du, handik hurbil dagoen liburutegi batean. "Liburutegitik atera da eta bera zain zegoen. Lehenengo sastatu egin du, beste gizona laguntzen saiatu da eta, orduan, besteak tiro egin du", esan du gertaeren lekutik gertu dagoen ile-apaindegi bateko jabeak, The Guardianen arabera.

Beste lekuko batek Sky News telebista katean adierazi duenarekin bat dator aurreko testigantza: "Kapela zuri zikin bat eta jaka bat zeraman gizon bat ikusi dugu. Norbaitekin bultzaka hasi da eta, bat-batean, horrek arma bat atera (…), lehen tiroa bota eta guk ihes egin du. Gero beste tiro bat entzun dugu", zehaztu du.

Gainera, lekuko horren esanetan, ustezko erasotzailea Cox "kolpatzen eta iletik tiraka" ari zitzaion beste gizonak esku-hartu duenean eta hori omen da, hain justu, Poliziak aipatu duen zauritutako gizona.

Era berean, handik hurbil dagoen kafetegi bateko jabeak BBCri adieraz dioenez, guztira hiru tiro entzun dira: "Lehenengoak lurrera bota du, ondoren beste bi gehiago. Hirugarrena bota duenean hurbildu zaio eta buruan tiro egin dio", esan du lekukoak. "Egiten zuen bitartean labankadaka ere ari zen", zehaztu du.

Azkenik, inguru horretan bizi den gizonezko batek The Guardian egunkariari azaldu dionaren arabera, ustezko erasotzaileak "Erresuma Batua Lehenengo" esan du oihuka tiro egin baino lehen eta atxilotu duenean. Hain zuzen, bertoko eskuin muturreko alderdi baten izena da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena