Mundua
Sarraskia
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez, 53 zauritu daude. Erasotzailea Omar Mir Sediq Mateen da, 29 urteko floridarra. Poliziak Mateen tirokatu du. ISISek bere gain hartu du erasoa, Al Yazira telebista-katearen arabera.
Albisteak (3)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Orlandon (Florida) homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu, eta bertan zeudenen kontra tiro egin du gizonezko batek, errifle bat eta pistola bat eskuetan. 49 lagun hil ditu eta 53 zauritu.
Erasotzailea, Omar Mir Sediq Mateen, 29 urteko floridarra, dela esan dio Poliziak CBS telebista-kateari. Mateenek erradikal islamiarrekin harremana zuela esan dute, baina ez zituela aurrekari penalik.
Goizaldeko 02:00etan ?Euskal Herrian 08:00ak zirela- jazo da erasoa. Poliziako bederatzi agenteren kontra tiro egin du erasotzaileak eta lokalean gotortu da gero, pertsona homosexualak ibiltzen diren klub batean, hain justu. Une horretan ehun bat lagun zeuden bertan eta erasotzaileak hainbat bahitu ditu.
Poliziaren eta Larrialdietako zerbitzuen hainbat talde bertaratu dira -artezilariak eta Poliziaren talde bereziak barne- eta erasotzaileak "lehergailu susmagarri" bat zuela adierazi dute. Poliziak lokala inguratu eta barrura sartzea erabaki du; gizonezkoa tiroz hil dute.
FBIk, bere aldetik, "gertakaria ekintza terrorista gisara" ikertzen ari direla jakinarazi du.
SWAT talde bereziak hartu du parte polizia-operazioan, eta, jakinarazi dutenez, 30 lagun bizirik ateratzea lortu dute. Gainera, Poliziak "leherketa kontrolatu bat" egin du, erasotzaileak zeraman gailuarekin.
Bigarren erasotzaile bat izan ote den argitzen ari dira Segurtasun Indarrak. Gaurko erasoak Christina Grimmie abeslari gaztearen hilketarekin lotura ez duela argitu dute. Ostiralean hil zuen gizonezko batek tiroz abeslari gaztea, Orlandon kontzertu bat eman ondoren.
ISISek bere gain hartu du erasoa
Estatu Islamikoa talde terroristak Orlandoko atentatu terroristaren egiletza bere gain hartu du, Al Yazira telebista-kateak jakinarazi duenez, Amaq albiste-agentzia aipatuta (jihadistekin lotuta dagoen agentzia da). Dena dela, ISISek ez du baieztapen ofizialik eskaini.
Bestalde, tiroketa egin aurretik, leialtasuna adierazi zion Mateen ustezko erasotzaileak Estatu Islamikoari, 991 larrialdi zerbitzuei egindako dei batean, NBC News telebista-kateak zabaldutako informazioaren arabera.
FBIk bi aldiz ikertu zuen
Bere aldetik, FBIk baieztatu egin du mateen ikertu zuela 2013 eta 2014 urteen artean, talde terroristaren batekin lotura izan zezakeelakoan. 2013an, ustez, "iruzkin asaldatzaileak egin zizkien bere lankideei, eta terroristekin harremanak izan zitzakeela suma zitekeen". Horren aurrean, FBIk bere aurrekariak ikertu zituen, bideozaintzako kamerak aztertu eta bi aldiz elkarrizketatu zuen; alabaina, ikertzeari utzi zioten frogarik ez zutelako aurkitu.
Ondoren, 2014an, Sirian eraso suizida batean hil zen Moner Mohammad Abusalha terroristarekin ustezko lotura izateagatik ikertu zuten. Berriz ere elkarrizketatu egin zuten, eta ikerketatik atera zen emaitza izan zen harremana egon bazegoela, baina oso txikia izan zela, eta "une horretan ez zen mehatxu bat".
Erreakzioak
Barack Obama AEBko presidentearen hitzetan, Orlandoko tiroketa "terrorismoarekin eta gorrotoarekin lotutako ekintza" izan da. "Amerikako historian inoiz izandako tiroketarik larriena da gaurkoa", adierazi du Etxe Zuritik egindako adierazpenetan.
"Guztion eta berdintasun eta tolerantzia baloreen aurkako erasoa da (?) Gorrotoaren eta indarkeriaren aurrean, batuta egongo gara gure herrialdea defendatzeko", esan du.
Barack Obama, AEBko presidentea, Etxe Zurian egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Obamak gogora ekarri duenez, Pulse kluba ez zen bakarrik gaueko aisialdirako diskoteka, "elkartasun eta ahalduntze lekua ere". Hori dela eta, Obamak aitortu duenaren arabera, "egun zaila da bereziki LGTB komunitatearentzat".
Gainera, su-armen gaineko murrizketak ezartzea defendatu du berriro ere. "Gaur jazotakoak gogora ekartzen digu zein erraza den armak lortzea ikastetxe batean, eliza batean, zinema-areto batean edo diskoteka batean tiro egiteko asmoz", gaineratu du.
AEBtako sarraskirik handienetakoa
John Mina Orlandoko polizia buruak adierazi duenez, Estatu Batuetako sarraskirik odoltsuenen artean dago Floridako dantzalekuaren aurkako erasoa. Minak azaldu duenez, Mateenek AR-15 erriflea eta pistola bat erabili ditu triskantza egiteko. "Oraindik goizegi da diskotekara nola sartu zen eta tiroketa zelan hasi zen ondorioztatzeko". Bahitutako lagunekin komunikatu zirela azaldu du agenteak, baina ez du horren inguruko xehetasun gehiago eman.
FBIk jakinarazi duenez, diskotekara joan, baina tiroketa hasi aurretik irten diren pertsonei agintariekin harremanetan jar daitezela eskatu diete, gertatukoari buruz informazio gehiago izateko asmoz.
Agentzia federalak azaldu du ez dagoela tiroketarekin lotutako mehatxu gehiagorik inguruan edota herrialdean.
Larrialdi-egoera
Rick Scott Florida estatuko gobernadoreak larrialdi-egoera jarri du indarrean. "Estatu indartsu eta gogor bat gara, eta ditugun baliabide guztiak bideratuko ditugu Orlandoko tiroketarekin laguntzeko. Larrialdietarako gure Operazio Zentroa ere gertaera tragiko hori jarraitzen ari da, jakinarazi du Scottek ohar ofizial baten bidez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa